Kursaaleko denboraldi klasikoko sarrerak salgai, astelehenean
GARA | DONOSTIA
Datorren astelehenean Kursaal Fundazioko denboraldi berrian izango diren Musika Klasikoko kontzertuak biltzen dituzten bonu berriak jarriko dira salgai. Otsaila eta maiatza artean izango diren bost kontzertu jasotzen ditu bonuak, baita sarrera solteen salneurriko zenbateko osoaren gainean %20eko deskontua eskuratzeko aukera ere.
Denboraldi berria otsailaren 16an hasiko da, Grigory Sokolov pianista entzutetsuarekin. Otsailaren 28an, Londresko Orkestra Filarmonikoa entzuteko aukera izango da. Bi hitzordu koral izango dira jarraian: J.S. Bachen «Pasioa San Juanen arabera», Le Concert Lorrain eta Nederlands Kamerkoor abesbatzekin (apirilak 1); eta Beethovenen «Missa Solemnis» Sinfonia Varsovia eta Iruñeko Orfeoiarekin (apirilaren 15ean). Ensemble Mateus talde gazteak emango dio bukaera denboraldiari, maiatzaren 30ean.