Ezkerreko abertzaleen lanak «izaera iraunkorra» izatea nahi du Batasunak
Batasunak bere Biltzar Nagusia bildu zuen atzo Hazparnen, eta aro politiko berriari begira, estrategia finkatu zuen bilkuran. Hitzordu politiko garrantzitsuaren atarian herriz herri hamarnaka bilera burutu ditu Batasunak, eta «iritzi-trukaketa» horretan bildutako hainbat ekarpen bilkuran eztabaidatutako mozioetan islatu dira. Ezkerreko abertzale mugimendua sendotzeko bidean, elkarlan esparruen «iraunkortasuna» bermatzeko apustua baieztatu zuen.
M.U. |
Batasunak bere Biltzar Nagusia bildu zuen atzo goizean, Hazparneko Elgar Zentroan. Ehundik gora lagun elkartu ziren ezker abertzaleak badira pare bat urte abiatu zuen prozesu politikoaz eztabaidatzeko.
Abertzaleen Batasunak ezkerreko mugimendu abertzalearen haustura gainditzeko apustua egin ondoren heldu zen Batasunaren bilkura. Hain zuzen, iazko bere biltzar nagusian abertzaleen arteko elkarlanari zentzu iraunkorra emateko parioa egin zuen jada Batasunak.
Bere militantziak, horregatik, ezkerreko abertzale mugimendu berria osatzeko bidean beharrezko diren baliabideen gainean eztabaida osatu zuen Hazparneko bilkuran.
Erakunde propioa aldarrikatu
Zuberoako, Behe Nafarroako eta Lapurdiko lurraldeak aintzat harturik, tokiko erakunde baten sorrerari buruz mintzatu zen Batasunako militantzia. Hartara, abertzaleen arteko harremanen kari gogoeta egitearekin batera, esparru horretatik harago kokatzen den Batera plataformaren ibilbidea aipatu zuten.
Bilan horretan, herritarren ahotsa islatzeko plataformak eginiko lana -herri kontsultak- goraipatua izan bazen ere, ibilbidean azaldu diren hutsuneak eta sentitzen diren beharrak aipagai izan zituen Batasunak, erakundetzeari buruz «proposamen zehatzak eta argiak» egiteko tenorea dela uste baitu alderdiak.
Beraz, erabakitzeko ahalmena bermatuko duen erakundearen aldeko aldarrikapena nola eraman behar den aztertu zuten Batasunako militanteek, Parisek «behingoz euskal jendartearen nahikeria errespetatu dezan».
Bistan dena, «Zutik Euskal Herria» izeneko adierazpena plazaratua izan zenetik, gertakari inportanteak izan dira Euskal Herrian. Horra hor Aieteko Adierazpena eta ETA erakundeak borroka armatua finitzeko hartu erabakia.
Eginiko urrats horiek militanteek «aitzinamendutzat» jotzen dituztela nabarmendu zuen Batasunak; eta horren adierazle, bilkuraren atarian izandako «formatu murritzeko» bileretan eta buruz buruko elkarrizketetan bildu dituzten iritziak «gehienetan oso baikorrak izan direla» nabarmendu zioten alderdiko ordezkariek Kazeta.info atariari. Bilkuran militantziak babesa eman zion prozesu demokratikoari.
Izan ere, abiatu prozesua erraza ez denez eta denboran luze joko duenez, Batasunak baliatu nahi izan zuen biltzar nagusia «militanteek pausatzen dituzten zonbait galdera eta zalantzari» modu egokian erantzuteko.