Maite UBIRIA | Kazetaria
Zer bilakatuko da Batasuna?
Aro politiko berrian Batasuna zer bilakatuko da? Bistan dena, Hego Euskal Herrian hauteskunde mailan aldaketa handiak izan dira -Bildu eta Amaiur koalizioek sorturiko «uholdeak» aipagarriak dira-. Indar metaketa hobetsiz, ezkerreko mugimendu soberanistak gora egin du azkarki, baina oraindik ere ezker abertzaleak alderdirik ez du Hego Euskal Herrian, Batasuna ilegalizatua baita beti eta Sortu alderdia legeztatzeko prozesua ez baita amaiturik.
Oztopoz oztopo, eta estatuen aldetik jazarpena jasan arren, Batasunak Ipar Euskal Herriko paisaia politikoan bere tokia atxikitzen du.
Iazko biltzar nagusian, ezkertiar abertzaleen eremuaren berrosaketari begira egin zuen parioa Batasunak, baita urrats batzuk egiten hasi ere. Urrats hauen bilana egiteaz gain, Batasunako izaerari buruz eta antolaketari buruz mintzatzeko parada ere ukan dute, beraz, alderdiko kideek.
Hiru lurraldeetako oinarri abertzalearen baitan burutzen ari den inkestak ekarriko dituen irakaspenen zain, Batasunak bere lehentasunak -ez soilik prozesu demokratikoari begira, baizik eta Zuberoan, Behe Nafarroan eta Lapurdin marrazten diren aldarrikapen zehatzei begira ere: euskararen ofizialtasuna, etxebizitzaren arazoa, krisi ekonomikoaren ondorioak, kanpotik Euskal Herrira bizitzera etorritako jendearekiko harremanak...- zehaztuko ditu Hazparneko bilkuran.
Heldu den asteartean prentsaurrekoa deitua du biltzar nagusiaren gaineko xehetasun guztiak emateko.