Mugimendu feministak indarkeria sexistaren aurka mobilizatzera deitu du
Indarkeria sexistaren aurka, abenduaren 17an Bilboko kaleak betetzeko deia egin du Euskal Herriko mugimendu feministak. «Lehen mailako arazo sozial, politiko eta kulturala izaten jarraitzen» duenari aurre egiteko, zenbait neurri ipini dituzte mahai gainean, autodefentsa feministatik hasita.Nerea GOTI |
«Emakumeen aurkako indarkeriak ez du mugarik, egiturazkoa da, adierazteko forma eta esparru mota asko ditu, eta makineria sozial, politiko, kultural, juridiko eta ideologiko osoan dago presente». Hausnarketa Euskal Herriko mugimendu feministak egin du berrogei talde inguruk sinatzen duten dokumentu batean. Diotenez, «emakumeen aurkako indarkeriak lehen mailako arazo sozial, politiko eta kulturala izaten jarraitzen du» eta horren adierazpen argiak eta hain argiak ez direnak ere «zerrendatzea beharrezkoa da».
Bilbon, komunikabideen aurrean agerraldia egin zuten atzo erakunde feministetako ordezkariek, datorren larunbaterako antolatu duten manifestazioan parte hartzeko deia zabaltzeko (Bilboko Arriagan, 18.00etan).
«Mugi gaitezen indarkeria sexistaren aurka» lelopean, euskaraz eta gaztelaniaz zenbait hausnarketa jaso ditu mugimendu feministak mobilizazioari begira. Gizartearen zati batek emakume izate hutsarengatik jasaten dituen erasoen zerrenda amaigabearekin abiatzen da manifestua, iritzi publikoaren aurrez aurre egunerokotasunean gertatu ohi diren egoera ezberdinak salatzeko.
Egoera horien atzean dagoen zapalkuntza heteropatriarkalaren sistemaz ohartarazi, eta indarkeria sexista errotik ezabatzeko «polizia eta epaileen neurri zigortzaileez» gainera, beharrezkotzat jotzen dituzten bestelako neurriak proposatu dituzte. «Biktimismotik urrun» autodefentsa feministaren alde azaltzen dira, «bakarka edo taldeka emakumeen aurkako indarkeriaren aurka jarduteko» eta «ahalduntzeko» tresna gisa.
Horrekin batera, emakumeen arteko elkartasuna, kalean «libreki mugitzeko eskubidea», hezkuntza «publiko, laiko, ez sexista» baten aldeko edota komunikabideetan komunikatzeko ereduak aldatzeko aldarrikapenak mahairatu dituzte, eta «emakumeen bizi baldintzak hobetuko dituzten neurriak eta baliabide askiak» exijitu.
Adierazi dutenez, «egoera oso larria da» eta horren aurreko «berehalako erantzunak» behar dira, «eredu politiko, ekonomiko eta ideologikoan» aldaketak ekarriko dituztenak. Horrekin batera, eta hurrengo larunbateko mobilizazioari begira egindako hausnarketen artean, argi utzi zuten atzo eraso sexistak ez direla «zorigaitz pertsonalen kasu isolatuak», eta emakumeek badutela horiei «erantzuteko ahalmen eta gaitasuna».
«Mugi gaitezen indarkeria sexistaren aurka», ekitera dei egin dute berrogei talde feminista inguruk, hurrengo larunbatean Arriagan, 18.00etan, izango den manifestazioari begira.