GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Joxemari ETXENAGUSIA | Pilotari ohia

Errestoak zeresan handia izango du

Beste atzerapen baten ostean, iritsi da azkenean denok itxaroten genuen final handia. Hasiera batean gauzak oso pareko zeudela esaten zen, baina gertatu den guztiarekin, ematen du orain Irujo faboritoago izango dela. Dena dela, final batean horrek ez du askorako balio, Aimarrek jokatzea erabaki badu, ondo egongo da; eta bi hauen artean, partida batean, edozeinek irabazi ahal du.

Bi aste hauetako atzerapenak ez zait iruditzen, berez, gauzak gehiegi aldatzen dituenik, Olaizolak sendatzeko eta ondo jartzeko astia izan duela iruditzen zait; nire ustez, gakoa emozionalagoa izango da. Pasatu dituen guztiak eta aitaren hutsuneak eragina izan dezakete Aimarrengan; baina era berean, gabezia horrek partidako une zailenetan aurrera egiteko kemena eman diezaioke, barrutik indarrak atera eta joan berri den aitari txapela eskaini nahi izate horrek kuraia eman diezaioke. Bi aurpegiak izan ditzake eta erantzuna zein izan daitekeen asmatzea gauza zaila da oso.

Buruz buruko lehia guztietan bezala, sakeak garrantzi handia izango duela esan ohi da, eta hala izango da, gainera, Bilbon pilotak hartzen duen pisua jakinda. Bata bestearekin doaz, baina bi pilotariak aurrelariak izanda, giltza errestoan dagoela esango nuke. Izan ere, tantoak zuzenean egitea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da errestatzen duenak aurkariari aukerako pilotarik ez uztea. Biek dituzten errekurtsoekin, sake-errematea bilatuko dute eta pilota errazik ez uzteak garaipenerako bidea erraztuko dio hori lortzen duenari. Aimarrek partida moteldu nahiko duen arren, erritmo biziko partida bat espero dut.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo