GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Dinosauroak hortxe dirau

Korapiloa, ordea, estatubatuarrentzat behintzat, gaiztoagoa da oraindik, guztira beraiek erosi nahi dituzten 2.443 hegazkinen prezioa europarrek ere erosi beharko lituzketenek baldintzaturik dagoelako

Euroguneak bizi duen estualdiaren harira jaulki diren milaka gogoeten artean interesgarrienetakoa -ez dut esango gustagarrienetakoa-, gutxien espero nezakeen saihetsetik iritsi zait niri behintzat: urriaz geroztik Ameriketako Estatu Batuetako armadaren JCSaren burua eta, bide batez, egitura militarreko uniformedun nagusia den Martin E. Dempsey lau izarreko jeneralak iragan asteburuan The Atlantic Council hausnarketa-talde (?) txit ahaltsuaren aurrean bota zituenetatik, hain zuzen.

Egia esateko, aztoratu ere egin nintzen albistearen lerro-burua irakurri nuenean: «Euroaren krisia: M. Dempsey jeneralak matxinadak iragartzen ditu». Eta jarraian zioen: «Dempsey jeneralak arrisku latzak aurreikusten ditu Europarako. Kezkaturik dago [krisiak] kale istilu larriak eta Batasunaren suntsimendua erakar ditzakeelako». «Ea egia den!» ahopean esanez albiste osoa irakurri nuenean, ordea, etorkizuneko iraultzaren egunsentiko ezkila hotsarekin ez baizik, Monterrosoren istorioan bezala, dinosauro zaharrarekin topo egin nuen. Konplexu militar-industrialarekin, alegia.

Dempsey jenerala eta, seguruenik, haren entzule-mintzaide ziren guztiak aztoratzen dituena, gaurkoz behintzat, ez da politika ekonomiko zeken eta anti-herrikoiek europar jendarteetan eragin dezaketen amorrazioa, eta hortik erator daitezkeen istiluak (nahiz eta horiek ere zaintzen dituztela nabari den)... baizik eta horrek defentsa (??) gastuetan eragin ditzakeen murrizketak eta kitamenduak.

Kezka nagusiak F-35 Lightning II gerra hegazkinaren ingurukoak dira itxura guztien arabera. Lockheed Martin eta Northrop Grumman armagintzako konpainiatzar estatubatuarrek BAE britainiarrarekin, Alenia italiarrarekin eta abar luze batekin ekoizten duten guda-hegazkin ezin modernoago horren aurrekontuak, ikaragarrizkoak hasieratik (150 milioi dolar inguru balioko luke egun hegazkin bakoitzak, garapen kostuak aintzakotzat hartu gabe; eta 180 milioi inguru beharko lituzke armatan, gainera), gero eta handiagoak baitira... hegazkinaren interesgarritasuna gero eta zalantzatsuagoa den bitartean. Esan gabe doa europar herrialdeek hain gogotik egin behar omen dituzten gastu murrizketa horietarako aukerako izangaia dela: alfer gastua, bat izatekotan... Korapiloa, ordea, estatubatuarrentzat behintzat, gaiztoagoa da oraindik, guztira beraiek erosi nahi dituzten 2.443 hegazkinen prezioa europarrek ere erosi beharko lituzketenek baldintzaturik dagoelako. Eta hor nonbait datza Dempsey jeneralaren ezinegona.

Orain hirurogei urte arazoa barne-barnetik (guda-lekuetan baino askoz arituagoa zelako logistikako bulegoetan) Eisenhower lehendakariak, bere agurreko mezuan, salatu zuena («babestu egin behar dugu [estatubatuarrok] konplexu industrial-militarrak, nahitara edo nahi gabe, har dezaken influentzia taxugabetik») eta geroztik hainbat gogoetaren sorburua izan dena, armagintzaren dinosauroa, hortxe dago, beraz. Bizi-bizirik, bazka eske. Orduan, bakearen bizkarretik. Orain, gizarte zerbitzuen eta aurrerabide ekonomikoaren kaltetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo