GARA > Idatzia > Euskal Herria

Paperik gabeko etorkinak kopuruak puzteko atxilotzen dituztela salatu du Cimadek

Idoia ERASO | BAIONA

Urte bukaerarako 30.000 paperik gabeko etorkin atxilotuko dituela hitz eman du Estatu frantsesak. Erretentzio zentroetan etorkinei laguntza juridikoa eskaintzen dien Cimade elkarteak esan duenez, kopuru horretara ailegatuko dira; eta, hain zuzen, salatu egin du kopuru horretara ailegatzeko jarraitzen ari diren politika. 2010eko txostena aurkeztu zuen atzo elkarteak, eta Hendaiako erretentzio zentrotik 360 pertsona igaro zirela jakinarazi zuen.

Lapurdi igarolekua izanik egoera berezia sortzen da, elkarteak salatu duenez, beste herrialdeetarako bidean handik igarotzen diren pertsonak atxilotzen dituztelako, atxilotze-kopuruak puzteko. 2010ean Hendaiako zentrotik pasatu ziren 71 pertsona egoera horretan zeuden.

Abenduaren 6tik, lege egoera berri bat dago, ordea; izan ere, paperik gabeko etorkinek ez baldin badute aurretik jakinarazpen bat jaso, ezin dituzte atxilotuta eduki. Gauzak anitz aldatzen ditu horrek gure eskualdean. Igarolekua izanik %80k ez du halako jakinarazpenik izan.

Laurence Hardoin Cimadeko bozeramaileak egoera horren ondorioz zer gertatuko den azaldu zuen: «Uste dugu atxiloketak moteldu egingo direla». Hala ere, behin-behineko neurria da; izan ere, oraindik Pariseko epaitegiaren iritzia falta da, eta erabakiaren arabera egoerak atzera egin dezake. Hardouinek epaitegiaren erabakia hilabete batzuk barru ailegatuko dela adierazi zuen atzo.

45 egun atxiloturik

Uztailean legea aldatu, eta handitu egin zuten paperik gabeko etorkin bat frogarik gabe erretentzio zentro batean atxiki ahal izateko epea, 32 egunetik 45era. Horrek kalte handia eragiten du egoera hori jasan behar duten pertsonengan. Elkarteko kideek jakinarazi zutenez, halere, egonaldiaren batez bestekoa hamar egunekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo