Palestinako bandera Unescon, eta Gasteizko Parlamentua, Israelen lagun
Munduko bandera guztiak ez ditu haize berak astintzen, haietako batzuek beste batzuei haizea eta izatea bera ukatzen baitiete. Atzotik, ordea, Unescoren Parisko egoitzan jotzen duen haizeak Palestinako bandera ere astintzen du, Israelgoarekin edo AEBetakoarekin batera. Egia da gertakari sinbolikoa dela, baina zerbait gehiago ere bada, NBEko eskubide osoko estatu izateko bidean Palestinaren garaipen diplomatikoa, hain zuzen ere. Eta, halaber, Israelen eta haizeaz jabetu nahi duten gainerako estatuen galera ere bada. Horiek Palestina Unescoko kide gisa onartzea eragozten saiatu dira; ahaleginak ahalegin, alferrikakoak izan dira herrialdeon mehatxuak eta AEBek eta Israelek Unescori egin beharreko ekarpen ekonomikoak bertan behera utzi izana, atzo Palestinako bandera munduko estatu guztienekin batera kulunkatzen baitzen Parisen.
Hala eta guztiz ere, Palestina hainbeste kostata, hainbeste sufrimendu jasanda, nazioarteko zein barneko oztopoak gainditzen ari den aldi berean, Israel nazioartean gero eta bakartuago ageri den aldi berean, zenbait gobernu eta instituzio, are bere administraziopeko lurraldean eskumen eskasak dituenen bat ere, Israeli falta duen zilegitasuna ematen ahalegintzen ari dira. Gasteizko Parlamentuko ordezkaritza batek, adibidez, gaur bertan bukatuko du Israelgo hainbat enpresa eta unibertsitatera egindako bisita. Eta Parlamentu horrek ezin du esan ez duela palestinarren egoera larriaren eta Estatu israeldarraren jarreraren berri, aurtengo udan bertako zenbait ordezkarik bertatik bertara ikusi baitzuten Israelek ezarritako blokeoak eragindako giza hondamendia Palestinara egindako bisitan. Ez da onargarria eskubide urraketa erraldoi hori nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela aitortu eta egoeraren erantzulearekin harreman normalizatuak izatea.
Hego Afrikako apartheid politikaren bukaera bizkortzeko erabakigarria izan zen herrialdeari egindako boikota, eta beren interesak direla-eta bertako Gobernuarekin zituzten harremanei eutsi zietenak izan baziren ere, azkenean gehienek ulertu zuten jarrera hura erregimen zital haren konplize bihurtzearen pareko zela. Apartheid politikaren bultzatzaileekin harremanak hautsi ez zituztenak erregimen haren kolaboratzaile gisa agertzen dira Hego Afrikaren historian, eta halakotzat joko ditu historiak egun Israelgo Estatuarekiko harremanei eusten dietenak ere.