GARA > Idatzia > Kultura

Jai erraldoi bat Illunben Gpunturik jendetsuenari amaiera emateko

Inoizko luzeena izaten ari da aurten Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, baita parte-hartzaileena ere, bertsolari, gai-jartzaile, epaile, antolatzaile zein ikusle kopuruei erreparatuta. Jende oldea eta giro ikaragarria izan dira saioen ezaugarri nagusiak. Alaia Martinek adierazi bezala, maiatzetik abendura ostadar oso bat marraztu dute, irudiz eta sentsazioz. Azken argazkia gelditzen zaie: handiena eta ikusgarriena, igandean Illunbeko zezen plazako jaian aterako dutena.

p040_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Kanporaketetan bezala, igande honetan jokatuko den finalean ere aurreikuspen guztiak gaindituko dituzte Gpuntuko antolatzaileek, 9.600 lagunetik gora bilduko direlako Donostiako Illunben. Txapelketa osoa kontuan hartuta 25.000 bertsozale ibili dira herriz herri, maiatzaren 8an Orion hasi eta abenduaren 4an Hernanin bukatu arte. 36 saio, 26 herri, 76 bertsolari... eta, azken geltokian, bagoi estu bat, erreserbatzeko hagitz zailak ziren zortzi eserlekurekin.

Atzo helmugan elkartu ziren Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin, kantatu aitzinetik zezen plaza ezagutzeko eta leku zabalari neurria hartzeko. Rezolak, adibidez, anitz ikasi duela konturatu dela erran zuen, baina oraindik anitz duela ikasteko eta horretan jarraitu nahi duela. Kanporaketetatik gelditu zaion irudi batez galdetuta, publikoan bere aulkitik altxatuta txaloka eta irribarrez ikusi zuen aitonarekin gelditzen dela erantzun zuen.

Aurreko txapelketan buruz burukoa jokatu zuenez, Gaztelumendi berandu sartu da lehian eta nolako maila emanen zuen beldur puntu bat bazuela aitortu zuen. Sarriegi ere finalista izan zen 2007an. «Sentsazio gazi-gozoarekin nago... momentuz», adierazi zuen beasaindarrak irria eraginez. Gauzak hain ongi ez doazenean, bere zapatei begira egoteko joera omen du eta gustatuko litzaioke finalean gutxiago begiratzea.

Irazu «gustura» zegoen, Alaia Martin «bakean» eta Agirre «konforme». Jon Martinek txapelketa bertsolarientzat zeinen hauskorra eta estua den oroitarazi zuen eta Apalategi harro zegoen eduki duen «mentalizatzeko gaitasunarekin eta jarrera baikorrarekin».

Bertsolariekin izan ziren Saroi Jauregi eta Oroitz Azurmendi, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta koordinatzailea, hurrenez hurren. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea ere aurkezpenean izan zen, babesa adierazteko eta... baita bertso bat kantatzeko ere. «Lana asko egin behar/ goiz eta arratsaldian/ kritika asko jaso dut/ motiboekin, agian/ baina gaur bezelako/ aukera paregabian/ zoriontsu aurkitzen naiz/ honako ekitaldian», bukatu zuen, publikoa txaloka jarriz.

Gaia, ikus-entzunezko batekin

Txapelketa honen dinamikari jarraituz, ezohiko ariketak egin beharko dituzte bertsolariek. Bi berrikuntza nagusi izanen dira, buruz burukoan biak ere: puntuka libre aritzea eta kartzelako gaia ikus-entzunezko baten bidez ematea. Txapel jartzailea zein hartzailea ere berriak izanen dira. Jartzailea Laxaro Azkune izanen da, gai-jartzaile, aurkezle eta irrati esatari aritua eta, bertzeak bertze, Bertsozale Elkartearen abiapuntua izan zen 1991ko txapelketa antolatzen jardundakoa.

Azurmendik azaldu zuenez, ilusio eta baliabide guztiak jarri dituzte jai ikusgarri bat prestatzeko eta anitz zaindu dituzte xehetasunak. Dena den, ezusteak iganderako utzi zituen. 15.00etan ateak ireki eta ikus-entzunezkoak eta Elkano Browning Creamen eta Gariren kontzertu txiki bat izanen dira 16.30ean finala hasi bitartean. Garraio publikoan edo auto konpartituetan hurbiltzeko deia egin zuen koordinatzaileak eta DBusek zerbitzu bereziak antolatu dituela jakinarazi zuen. Bertan izaterik ez dutenek ere gozatzen ahalko dute bertsoez, www.gpuntua.com eta www.bertsoa.com atarietan, Info Zazpin eta ETB1en, adibidez.

AZKEN SARRERAK

Joan den larunbatean Internetez salgai zeuden sarrera guztiak agortu ziren, baina herri batzuetatik txartelak erretiratu ondotik, gaur 10.00etan emango dute azken sarrerak erosteko aukera, daudenak bukatu arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo