Trinidad Miranda Funes | Jone Lozano Miranda preso politikoaren ama
Gure txanda da
Esan dezaket, lekuko bainaiz, gogo eta ahalegin guztiak jartzen dituztela Euskal Herriak zilegi dituen askatasuna eta demokrazia lortzen laguntzeko
Ama izatearen sentimenduak eraman nau boligrafoa eskuetan hartzera eta, amorruak eta haserreak lotsa guztiak kendu dizkidatenez, idatzi hau argitara ateratzera ausartu naiz..
Nire alaba espetxean dago. Espetxeetan dauden 700etik gora euskal preso politikoetako bat da. Gertakari hori nire bizitzan errotu da, eta den-dena baldintzatzen du. Astea joan eta astea etorri, berarengandik banantzen nauten 950 km horiek nola egingo ditudan pentsatzea da nire lehentasuna, egia esan garraiobide publikoek ere ez baitute gauza asko errazten.
Egiteko horretan jartzen dugun maitasun eta elkartasun guztian pentsatzen dudan bakoitzean, bihotza samurtzen zait eta emozioak hartzen nau. Izan ere, abian jartzen gara astero-astero, borondate izugarriz eta salbuespenik gabe, batez beste 700 km egin eta gure jendearekin egon ahal izateko. 45 minutu izaten dira eta, onenean, ordu eta erdi. Denbora gutxi da! Baina zentzumen guztiak martxan jartzen ikasi dugu, denbora tarte labur horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko.
Iritsi da ordua, amaitu da bisita, eta nire barruan, sentimenduak borrokan: indartsu dago!, pentsatzen dut, berak badaki zergatik dagoen! Baina esaldi horiek beste galdera batzuk sortzen dizkidate aldi berean: Zergatik itzuli behar dut bakarrik? Zergatik etorri behar dut hain urrutiraino nire alaba ikustera? Zergatik dago hemen? Etxean hain handia izanik haren beharra eta utzitako hutsa, hain handia izanik bere herriari, bere jendeari egin diezaiokeen ekarpena? Mendean gaituzten gobernu horiek, ordea, bizkarra ematen diote merkantilismoa ez den beste edozein baliori, gorazarre egiten diete espekulatzaileei eta bankariei, gure gaitz guztien salbatzaileak balira bezala. Eta nire ustez, nire alaba bezalako pertsonak, ausartak, eskuzabalak eta idealistak, erreferente izan behar dute, gizarte osasuntsu eta zintzo bat lortu nahi badugu.
Esan dezaket, lekuko bainaiz, gogo eta ahalegin guztiak jartzen dituztela Euskal Herriak zilegi dituen askatasuna eta demokrazia lortzen laguntzeko eta Euskal Herri hobe baten alde lan egiteko, espetxean oso-oso bitarteko gutxi badituzte ere. Horrek ematen die zentzua, hain zuzen, egiten dituzten eginahal guztiei eta askatasun faltari. Eta, jakina, erabat ziur daude herriak lortuko duela espetxeetako ateak irekitzea.
Gure herriak aterako gaitu hemendik. Azkenaldian, esaldi hori dabilkit buruan bueltaka, eta haiekin guztiekin erantzukizun eta konpromiso bat dugula adierazten du. Gure presoak etxean nahi eta behar ditugulako. Gure txanda da! Eta hor egon behar dugu, helburu horretan denon indarrak bilduz. Eta ilbeltzaren 7an, konpromiso bateratu horren erakusgarri izango da Bilbo.
Asko izan behar dugu gure aldarria Madrilen eta Parisen entzun dadin: horretarako, gutako bakoitzaren ahotsa ezinbestekoa da.
Ilbeltzaren 7an ikusiko dugu elkar Bilbon. Zuoi, lagun eta herritarroi, konfiantza hori errealitate egiten parte har dezazuen animatzen zaituztet, bai ilbeltzaren 7ko ekitaldietan, bai aurrekoetan eta baita ondorengoetan ere.