Energia «garbia», bakan batzuentzako etekinak eta gizarte osoarentzako ondorio kaltegarriak
Tsunamiak kaltetutako Fukushimako zentral nuklearreko erreaktoreak orain dela bost egun 100 gradutik beherako tenperatura egonkorrera iritsita, Tokioko Gobernuak eta Tepco konpainiak Fukushimako zentral nuklearra desegiteko adostu dituzten pausoek prozesu luze bezain korapilatsu bat osatuko dute. Onenean ere, aurreikusitako epeak betetzen badira, alegia, 30 eta 40 urte bitartean iraungo du zentral hondatua desegiteko prozesu horrek. Bestalde, dirudienez, Japoniako Gobernua Tepcori, konpainia horrek kalte-ordainak ordain ditzan, ia 10.000 milioi euro ematea aztertzen ari da.
Nahikoa argi ez bazegoen, horra energia nuklearraren kostua, energia garbia esaten diotenaren ondorioetako bat. Fukushimako istripua eta gisako beste batzuen ondoren, energia nuklearraren aldeko ahotsak atzera egin eta zain geratu izan dira, baina ez diote uko egin beren helburuari. Eta helburu hori, gizartearen zerbitzukoa balitz bezala aurkeztu arren, egiatan gizartearen ongizatearekin zerikusirik ez dituzten interes pribatuen zerbitzuko negozioak dira, bakan batzuentzako etekinak eta gizarte osoak jasan beharreko ondorio kaltegarriak dakartzatenak.