GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | «Iparraldea kantuz» kontzertua

Euskalduna jauregiraino heldu da Baionako kantagintza

Baionatik Bilborako bidaia egin zuten astearte gauean Ipar Euskal Herriko kantari esanguratsuenek kontzertu hunkigarria eskaintzeko. Abeslari klasikoekin batera, azken urteotan Iparraldeko kantagintzan belaunaldi aldaketa gorpuzten ari diren talentu berriak entzuteko parada ere izan zen.

p048_f05.jpg

Idoia ERASO

Ikusgarri ahaztezina izan zen Bilbokoa, Pantxoa eta Peioren azken emanaldietako bat izan baitzen eta Errobi talde mitikoa espresuki elkartu baitzen Euskalduna jauregiko emanaldirako. Bertan izaterik izan ez zutenek, Elkarrek argitaratutako diskoaren bitartez entzuten ahal izango dituzte kantuak.

Euskal Herriko bi hiriburuetako herritarrak bildu ziren Euskalduna jauregi ederrean. Udazkeneko azken gaueko giro hotza kantari zein ikusleen berotasunarekin epeldu zen. Lauburuz jantzitako jauregian, euskara izan zen entzungai eskailera eta terrazetan barna. Jendez lepo zegoen antzoki erraldoia.

Kalakan talde gazteak «Kantuz» hasi zuen gaualdia eta Eñaut Etxamendiri utzi zioten tokia. Larralderekin behar zuen kantatu, baina azken honek ezin izan zuen Bizkairainoko bidaia egin eta bikote ezagunaren erdiak utzi behar izan zuen talde ezagunaren aztarna. Josepa Elosegiren kanturako Naia Roblesen laguntza jaso zuen baxenabartarrak.

Roblesek agertokia berarentzat izan zuen momentuan, Mixel Ducauren laguntza jaso zuen gitarrarekin. Hain zuzen ere, Ducau bera izan zen gaueko protagonista nagusietako bat, gitarra lagun kantari anitzen ondoan izan baitzen.

Erramun Martikorenak Baigorritik Bilborako bidaia egin zuen eta auzokideak izan zituen lagun. Baigorri-Ortzaize eskualdeko pertsonaia ezagunenetarikoa den Xalbadorren kantu batekin gozarazi zuen entzuleria. Ondoren, Martikorenak auzoko dituen Kantiruki taldekoek eserlekuetatik altxarazi zituzten ikusleak.

Mixel Ducauk emazte eta taldekide duen Caroline Philipsekin osatzen duen Bidaia bikoteak hartu zuen ostean agertokia. Niko Etxart gonbidatu zuten ondoren eta honek amodiozko kantu bat eskaini zion Philipsi: «`So bat' amodiozko kantu ttipi hau zuretzat; Mixelekin izan ez bazina nire aukera izanen zen».

Agurra eta itzulera

Bilbori agur esan zion Pantxoa eta Peio bikoteak gaueko momentu hunkigarrienetarikoa eskaini zuen bere txanda heldu zenean. Gabonak hurbil ditugun gariotan, Pantxoa Carrerek urrun daudenak bertaratu zituen bere hitzekin: «Espainia eta Frantziako espetxeetan daudenak gogoan, bestak zoriondu nahi dizkiegu». Ondoren, «Batasuna» kantua eskaintzen ari zirenean, abestiaren hitzetako «Irrintzi bat dabil» leloarekin batera, irrintzien soinuek hartu zuten Euskalduna.

Jarraian, gazteek hartu zuten lekukoa. Lehenik, Kalakan taldeak «Xori errexinula» eskaini zuen bere bigarren emanaldian; ondoren, Maialen Errotabeherek bere ahots goxoarekin Michel Labeguerie ekarri zuen gogora «Haurtxoa» kantuarekin.

Anje Duhalderen txanda iritsi zen ostean. Bakarka aritu eta gero, gaueko momentu handienetako bati eman zion sarrera Duhaldek: azken 30 urteotako Errobi taldearen lehen emanaldiari. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bertsoetan, Euskalduna jauregira hurbildutako ikusleen laguntza jaso zuten. Ondoren, «Eperrak» abesti ezaguna kantatzeko Niko Etxart Zuberoako rockzalea gonbidatu zuten eta elkarrekin aritu ziren amorosen istorioen berri ematen.

Bukaera borobil gisa, parte-hartzaile guztiak elkartu ziren agertoki gainean «Oi Ama Eskual Herri goxua» kantatzeko ikusleen laguntzarekin. Abeslariek kontzertuaren amaiera zela uste izan bazuten ere, ikusleak ez ziren ados agertu eta beste bat eskatzen hasi ziren etengabe; Erramun Martikorenaren eskutik, berriz ere atera ziren agertoki gainera txaloei erantzunez. Hala, «Hegoak» kantuarekin ikusleak eserlekuetatik berriz ere altxaraziz eman zioten bukaera gauari.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo