Fertiladour lantegiaren eremuan kutsadura garbitzeko prozesua bizkortzeko eskatu du Akitaniako Kontseiluak
GARA |
Baionako portuaren ondoan kokaturik den zortzi hektareako Bokaleko Fertiladour lantegiaren lurretan kutsadura gutxitzeko mozioa onartu zuen atzo Akitaniako Eskualde Kontseiluak Alderdi Sozialista, Europe-Ecologie-Les Verts, Front de Gauche eta Parti Radical de Gauche alderdien sostenguarekin.
«Kutsatzen duenak ordaindu behar du», hori da Kontseiluak aplikatu nahi duen printzipioa. Hori dela eta, Akitaniako eskualdeak Estatu frantsesari eskatu dio gune horretako kutsadura kentzeko beharrezkoak diren baliabide guztiak ezartzeko. Baionako portuko ordezkarien arabera, higienea eta osasuna bermatzeko eta lurraren berrerabilpena posible egiteko ezinbestekoa da kutsadura murriztuko duten neurriak hartzea.
Rouiller taldea da, Agriva filialaren bitartez, Bokaleko eremu honen jabea, eta Eskualde Kontseiluak gastuen kargu egiteko exijitu zion atzo, «lur hori larre industrial baztertua ez bilakatzeko». Kontseiluaren ordezkariak azaldu duenez, Baionako portuaren kokapenak, hirigunetik oso gertu baitago, hiriaren eta portuaren integrazioa auzitan jartzen du. Horregatik, Akitaniako eskualdeak portuko industrialdea ikertu zuen, batik bat ingurumena errespetatzen duen jakiteko. Horretarako, Agriva-Fertiladour enpresei zegokien lursail bat erosi nahi izan zuen Kontseiluak 2009an eta ingurua zer-nolako baldintzatan zegoen jakiteko txostena egiteko eskatu zion Acro taldeari. Eremuan kutsadura erradiaktiboa zegoela baieztatu zuten emaitzek.
Ikerketa epidemiologikoa
Eraikinean aurkitutako kutsadura zantzuek herritarrengan eta enpresako langile ohiengan izandako ondorioak neurtzeko epidemiologia azterketa egiteko ere eskatu zuen Akitaniako Kontseiluak.
Bestalde, haren geografia eta garapen potentzialari esker, Baionako portuak eta ondoan kokatzen den Fertiladourren eremuak industria jardueraren bitartez enplegua sortzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko daukan garrantzia nabarmendu zuten Kontseiluko kideek. Gainera, ingurumena errespetatzen duten garraio sistemak abian jartzeko gune egokia dela baieztatu zuten. Ildo horretan, portu eta industria jarduerak eta hirigintzaren garapena indartzeko beharra aldarrikatu zuten.