Presoen alde benetako konpromisoa hartzeko eskatu dio Bilduk PSNri
Presoen aldeko benetako jarrera hartzeko eskatu zion atzo Bilduk PSNri. «Presoek dituzten eskubideak oinarrizkoak dira eta inolako aurrebaldintzarik gabe errespetatu behar dira. PSNri hautua egiteko garaia heldu zaio», adierazi zuen Maiorga Ramirez eledunak.
Martxelo DÍAZ |
Euskal preso politikoen eskubideak oinarrizkoak direla, eta horrenbestez, inolako aurrebaldintzarik gabe bete beharrekoak direla nabarmendu zuen atzo Bilduko Nafarroako parlamentari Maiorga Ramirezek.
Horregatik, PSNri egungo espetxe politikaren kontra argi eta garbi lerrokatzeko eskatu zion, presoei ez damurik ez beste baldintzarik eskatu gabe.
«Hautua egiteko garaia iritsi zaio PSNri. Egungo espetxe politikarekin bat egiteko erabakia hartzen du ala aldaketaren aldeko aukera garbia egiten du. Ezin du aurrebaldintzarik eskatu, eskubideak aurrez ezer eskatu gabe errespetatu behar direlako», gaineratu zuen Ramirezek.
Astelehenean sakabanaketaren aurkako adierazpena onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, PSNk aurkeztuta. Halere, Ramirezek salatu zuenez, ez zuten garbi jokatu, azken orduan beste taldeekin adostu zuten testua aldatu eta presoen eskubideak errespetatzeko «damua» ezinbesteko zela erantsi zuen PSNko eledun Juan Jose Lizarbek.
Ramirezen ustez, PSNren jarrera «presoekin xantaia erabiltzea» da. «Dei zuzena egiten diogu PSNri espetxe politika krudel honekin amaitzeko pausoak emateko, xantaian eta eskubideen urraketan oinarritzen delako. Gai serioa da hau eta ezin gara arinkerietan aritu», esan zuen Bilduko parlamentariak.
Ildo honetan, Bilduk Nafarroako Parlamentuan hainbat ekimen bultzatu dituela gogoratu zuen.
Hala, biharko osoko bilkuran Nafarroako Gobernuari sakabanaketa amaitzeko zein pauso emango dituen galdetuko diote. Gai honen gainean mozio bat ere aurkeztu dute, eta Etxerat taldeko ordezkariek Legebiltzarrean beren egoeraren berri emateko saio bat izan dezaten eskaera ere aurkeztu du Bilduk.
Nafarroako Parlamentuak astelehenean onartu zuen adierazpenak lehen aldiz eskatzen du euskal preso politikoek pairatzen duten sakabanaketa amaitzea.