GARA > Idatzia > Mundua

Mohamed Abdelaziz hautatu dute berriro ere Fronte Polisarioko idazkari nagusi

Mohamed Abdelaziz aukeratu dute hamaikagarren aldiz Fronte Polisarioko idazkari nagusi, bozen %96arekin, mugimendu independentistaren XIII. Kongresuan. Abenduaren 19an amaitu behar bazen ere, kongresua bihar arte luzatzea erabaki dute.

GARA |

Mohamed Abdelaziz aukeratu zuten asteartean Saharako Fronte Polisarioko idazkari nagusi hamaikagarren aldiz, mugimendu independentistaren XIII. Kongresuan, Tindufen.

Abdelazizek, 1976tik karguan denak, 1.551 ordezkariren babesa jaso zuen, bozen %96a lortuz bere alde. Idazkari nagusiak ez zuen kontrako bozik jaso.

Hauteskunde Batzordeak bozketen «gardentasuna» eta «sinesgarritasuna» baieztatu zituen, nahiz eta bozkatu zutenen izenen zerrendei dagokienez «irregulartasun» batzuk nabaritu zituen, honek emaitzetan eraginik ez izan arren.

Kongresuko zuzendaritzak biltzarraren amaiera -hasiera batean abenduaren 19rako aurreikusia-, birritan atzeratu du, baina azkenean bihar emango diote amaiera.

Abenduaren 15ean, «Saharar estatu independentea da irtenbidea» izenburuarekin hasi zen kongresuak Fronte Polisarioak datozen lau urteetan aurrera eramango dituen lan ildoak eta estrategia definitu behar ditu, autodeterminazioaren eta independentziaren bidean.

Atzokoa Fronte Polisarioaren idazkaritza nazionaleko kideak hautatzeko bozketa eguna izan zen, asteartean lan-programa onartu ondoren.

Fronte Polisarioak 1976an Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoa sortu zuen, Maroko eta Mauritaniaren aurka -zeintzuek Sahara bi zatitan banatu zuten Madrileko akordioen bitartez- gerrillen arteko guda abiatuz. Mauritaniak atzera egin zuen, baina Marokok ez.

Egun, Mendebaldeko Sahararen autonomiari buruzko bozketa antolatzeko prest dago Rabat, betiere, okupatutako herrialdea Marokoko Erreinuaren barruan geratuz. Baina sahararrek autodeterminazioa eta independentzia erabakitzeko aukera exijitzen dute.

HAUTESKUNDEAK

Fronte Polisarioko ordezkari diren 2.095 kideetatik 1.622k bozkatu zuten asteartean: 1.551 aldeko boz, 39 boz txuri eta 32 nulu. Abstentzioa %33koa izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo