Lander Garro | Idazlea
Kolosala izan behar du
Nekez aurkituko dugu mundu zabalean euskaldunok adina dakienik kartzelei buruz. Hango lixibaz mozorrotutako lizunkeria, hango tirania betikoa, modu zabarrak, gogorkeria antzua. 50 urteotan 25.000 euskaldun baino gehiago atxilotu dituzte arrazoi politikoengatik. Poliziak kale kantoi guztietan jarri dizkigute, egiten genuena ez ezik, pentsatzen eta esaten genuena zelatatuz, eta gaueko inpunitatearekin eraman gaituzte, banaka-banaka, nobela zaharretako banpiroen modura, geure odola zurrupatu eta hartaz elikatzeko. Atxiloketak sare handiagoak prestatzeko baino ez dituzte geratu; atxiloketarik gabeko uneak itxaronaldi hutsak izan dira euskaldunon etxeetan, tinbrea noiz joko, atea noiz zartatuko. Anai-arrebak, gurasoak, lehengusuak, osaba-izebak eta lagunak ikusi ditugu gaueko ordu txikietan, ileak nahasita, izua begietan eta ukabila airean altxatuta, zulorako bidean. Ikuskizun penagarria, gure zati hautsiak ezin aurkitu utzi gaituena. Askotan, bueltan ikusi ditugu, bi egun, bi hilabete, bi urte edo bi hamarkada barruan eman eta gero. Ikusi ditugu zaharrago edo argalago, ahituago eta hunkituta, herriaren besarkadagatik esker oneko, baina amesgaiztoaren arrastoa ezkutatu ezinik. Jarri diegu zapela eta makila, esan diegu ongi etorri, eta berehala joan behar izan dugu barruan geratutakoak babestera, etortzen zirenen bakardadeaz eta deslekuaz asko arduratu gabe batzuetan, gehiegitan. Beste batzuk noiz etorriko zain gaude oraindik, itsaso zakarrari begira. Herri beti txikiegi honen gaitasunerako gauza gehiegi izan dira. Inork azalduko al digu zer ekarri dion onik terrorezko zeremonia polizial horrek gure herriaren garapenari eta ongizateari? Ba ote horri erantzuteko gai den epailerik edo politikaririk?