PPren Gobernuak Garoñaren itxierari buruzko erabaki txarra txarragoa egingo du, PSOEri esker
Espainiako Gobernuko Energia ministro Jose Manuel Soriak lehengo astean baino argiago hitz egin zuen atzo Garoñako zentral nuklearrari buruz, aurreko Gobernuak ezarritako itxiera data baliogabetzeko borondatea eta asmoa duela esanez. Ministro espainiarrak aitortu zuen Garoñaren produkzioa oso txikia dela Estatuko besteenaren aldean, baina 41 urteko zentralak -Fukushima Ieko lehen erreaktorearen berdina- 2019ra arte energia «garbi eta merkea» ekoizteko ahala duela erantsi zuen, herritar guztien onurarako ezinbesteko baliabidea balitz bezala, etekinak zenbaiten poltsiko pribatuetara joango ez balira bezala. Gogorarazi beharra dago, ordea, PSOEren Gobernuak lau urteko luzapena baimenduta jarri zuela 2013ko data, 40 urteko zikloa betetzean itxiko zuela agindu bazuen ere. Beraz, PSOEk ez zuen itxiera aurreratu, atzeratu baizik. Bere esku izan zuen zegokion momentuan ixtea, eta ez zuen halakorik egin, bere hitza janda eta 2013ko data ez zela behin betikoa izango jakinda. Izan ere, ordurako PSOEren Gobernuak bazekien joan den azaroaren 20ko hauteskundeetan PPk irabazteko aukera izango zuela, hau da, zentralaren itxiera PPren eskuetan geratzeko aukera zegoela.