GARA > Idatzia > Mundua

«Jenioen artean jenio» da Kim Jong-un Ipar Koreako burua, telebistak dioenez

p020_f02.jpg

GARA | SEUL

Kim Jong-un Ipar Koreako buruak zenbat urte dituen argitu gabe ospatu zen atzo agintari nagusi berriaren urtebetetzea. Telebista publikoak gazteari buruzko dokumentala eskaini zuen eta bertan esaten da Kim Jong-un «jenioen artean jenio» dela, estrategia militarrari dagokionez, nahiz eta Kim Jong-il zenaren semerik gazteenak 30 urte baino gehiago ez dituen.

Irudi bitxiak eskaini zituen telebistak. Tanke txiki samar batean sartuta ageri da presidentea horietako batzuetan, burua besterik ikusten ez zaiola, Armadako soldaduei aginduak ematen. Ahots batek irudiak argitzen zituen: «Kim Jong-un burkide errespetatuak ezin hobeki ezagutzen ditu estrategia militar guztiak eta buruzagi militar izateko dohain ezin hobeak ditu».

Agintariaren aurrean egoteagatik soldaduek duten poza nabarmentzen du telebista publikoak, Kim Jong-un «burkide errespetatua» dela argi utzi nahian.

Kim Jong-il abenduaren 17an hil zen 69 urte zituela. Kim Jong-un hirugarren semeak hartu du aitak utzitako kargua. Agintariek jakinarazi dute urtarrilaren 8an jaio zela, baina ez zein urtekoan.

Festa eguna izango dute hemendik aurrera iparkorearrek urtarrilaren 8a, orain arteko ohiturari eutsiz gero. Izan ere, agintari berriaren aita otsailaren 16an jaio zenez, egun horretan sekulako ospakizunak egiten dituzte urtero, apirilaren 15ean egiten duten moduan, egun horretan jaio baitzen Ipar Koreako egungo erregimenaren lehen burua, Kim Il-sung, egungo agintariaren aitona. Hego Koreako hedabideek egiten duten irakurketaren arabera, pertsonaganako kultua bultzatu nahi dute Ipar Koreako hedabide ofizialek, bere garaian aitonarekin eta aitarekin egin zuten bezala. Esaterako, dokumentalak dio hamasei urte zituenean idatzi zuela bere lehen tesi militarra.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo