GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Hormatzarra

«Anthropocene», Toni Arbonesek Taghian sortutako marra berria

Eskalatzaile katalanak hiru urte behar izan ditu Tagarot sektorean dagoen 470 metroko bide berria zabaldu eta kateatu ahal izateko. Hamazazpi luze ditu guztira; zazpigarrena da gogorrena (8a) eta zailtasunari dagokionez iraunkorra da.

p042_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Toni Arbones pozarren dago, eta ez da gutxiagorako. GARAri telefonoz egindako adierazpenetan Taghian (Maroko) aspalditik zuen xede bat erabat bukatu duela esan zion. Eta helburu horrek «Anthropocene» izena du. Beste era batera esanda, Tagarot sektorean zabaldu eta kateatu duen bide berria: 470 m, 8a.

Hori bai, aitortu behar da (Arbonesek gauza bera egin digu) katalanari kosta egin zaiola erronka horri amaiera ematea. Guztira, hiru urte behar izan ditu xede hori amaitu ahal izateko. Bai, 2008. urtean eginiko bidaian «Anthopocene» forma hartzen hasi zen. Lan horietan Arbonesek Kurt Albert, Benoit Dorzat eta David Gonzedo Adi izan zituen. Ez dira «laguntzaile» gisa jardun duten bakarrak. «Leire, Justine, Elie... ere, alboan izan ditut. Bidea, berez, iazko uztailean bukatu nuen Marcelo Juarez Itorekin batera, eta hilabete geroago, irailean hain zuzen ere, Alejandro Pellegrino sokakidearekin kateatu nuen; egunean sinatutako eskalada», adierazi digu Arbonesek.

Hori guztia irakurrita, normala da katalanak pozarren egoteko motiborik edukitzea. Hiru urte eta hainbat joan-etorri, sormen lan bat borobildu ahal izateko. Hitz gutxitan esanda, protagonista horrek Taghian zirkulu bat itxi du. Izan ere, pareta erakargarri horiek ezagutu zituela 15 urte dira: «Zintzur haietako paretek erabat harrapatuta naute, eta, horregatik, makina bat bidaia egin ditut. Kareharriaren kalitatea bikaina baino bikainagoa da, bide luze asko daude, marrak oso iraunkorrak dira... Normala da nazioarteko makina bat eskalatzaile Taghiara hurbiltzea!».

Arbonesek dioen bezala, eskalatzaile asko eta asko dira munduko txoko guztietatik Taghiako paretetan eskalatzen dutenak. Handia da oso ingurumari hori, eta «masifikazioa» aipatzen ari badira ere, denentzat lekua dago. Hots, Taghia eta haren ingurumaria zintzurrez eta hormatzarrez josia dago.

Hamazazpi luze

Bide berriaren inguruko ezaugarriei dagokienez, eskalatzaile katalanak esan digu «Anthropocene» marran guztira hamazazpi luze atera zaizkiola: «Uste dut proposamen gogorra atera zaidala, besteak beste, zailtasunean iraunkorra da. Luze gogorrena, zazpigarrena, 8a gisa proposatu dut. Baina baditu 7c+ bat, bi 7c eta hainbat 7b eta 7b+. Nahiz eta zazpigarrena gogorrena den, bide honen giltza luze horretatik indarrarekin ateratzea da; izan ere, hurrengo luzeak 7c+ zailtasuna du. Beraz, 8a bat eta 7c+ bat bata bestearen atzetik eskalatu behar dira. Hala ere, hamabosgarrenari tartetxoa egin nahi nioke. 7c bat da, baina hori kateatzeak egundoko ahalegin fisiko eta psikologikoa eskatu zidan. Oso nekatuta iritsi nintzen luze horretara, eta, aitortu behar dizut, den-dena eman behar izan nuela».

Arestian aipatu dugu, Arbonesek berak irailean egun bateko eskaladan «Anthropocene» bidearen lehen igoera egin zuela; hots, katalana izan zen bidea kateatu zuen lehen eskalatzailea. Bidea poltsikoratu eta egun batzuetara, Michael Wohllebenek bidearen bigarren igoera egin zuen. Austriako gaztea bistan sinatzeko gertu ibili omen zen, baina erronka hori ezin izan zuen poltsikoratu. Alabaina, zailtasunaren inguruan Arbonesek eginiko proposamena baieztatu egin zuen.

Oro har, «Anthropocene» marra berriak kirol eskalada kutsua duela esan daiteke, besteak beste, ia erabat ekipatuta dagoelako. Eskalatzaileak aipatu digunez, bidea errepikatzeko 12 zinta eraman behar dira: «Horretaz gain, bilera guztiak rapelatzeko ekipatuta daude. Hala ere, zera aholkatu nahi nuke: zazpigarren luzea, hots, erori handiena duena pasa ondoren, hobe da goitik ateratzea».

Horixe da, beraz, Arbonesek lerrootara ekarri digun proposamena. Lehen aipatu dugu Tagarot sektorean dela, baina katalanak berak argibide gehiago eman dizkigu: «`Vidmo' eta `Grand Carnaval' bideen eskuinera daude. Gogoratu behar dut sektore horretara iristeko ia 3 ordu oinez egin behar dela. Guk hurbilketa eta eskalada jarraian egin ordez, paretaren parean dagoen kobazulo batean egin genuen lo; lau lagunentzako erosoa da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo