andinismoa Bide berria
Patagoniako erpinetan jarduera uholdea ezohiko denboraldian
Eguraldi bikainak lagun, hainbat alpinistak bide berriak zabaltzeko aukera izan dute. Besteak beste, Jens Holsten, Joel Kauffman eta Mikey Schaferrek Poincenot orratzaren hego aurpegian marra berria sortu dute.
Andoni ARABAOLAZA
El Chaltengo «kanpaleku nagusian» bildu diren alpinista guztiak erabat harrituta daude egiten ari den eguraldiarekin. Eskuarki, txoko hartan oso eguraldi gaiztoa izaten dute; eta, beraz, eskalatzeko aukerak oso murritzak izaten dira. Baina aurten guztiz kontrako egoera jaso dute. Izan ere, Patagoniako denboraldia hasi denetik, astetik astera, eguraldi bikainaz gozatzen ari dira. Jakina, erpin haietara hurbildu direnak ondo baino hobeto aprobetxatzen ari dira «opari» zoragarri hori, eta han-hemen oso eskalada interesgarriak sinatu dituzte.
Denboraldiaren hasierarekin, «beroketa saio» batzuen berri eman genizuen. Aipatutako ezohiko egoerarekin batera zerrenda hori gero eta gehiago loditzen ari da, eta saiatuko gara «poltsa» horretan pilatu diren jarduera interesgarrienak orrialdeotara ekartzen.
Horietako bat Poincenot orratzean sinatu da; hain zuzen ere, erpin horren hego-mendebaldeko aurpegian. Hiru estatubatuar izan dira protagonistak; hirurak ala hirurak ingurumari hartako paretak ondo ezagutzen dituztenak: Jens Holsten, Joel Kauffman eta Mikey Schafer. Ez da orain arte egin den jarduera garrantzitsuena, baina baditu osagai interesgarriak.
Bada, hirukote estatubatuar horrek bide berria zabaldu du: «The Rise of the Machines» (VI, 5.11, A2+, 900 m). Nahiz eta 900 metroko marra eskalatu zuten, aipatu beharra dago 750 metro berriak direla eta gainerakoak beste bide batekoak.
Artesi perfektuak
«Bide asko eskalatu eta zabaldu ditugu, baina Patagoniako azken honek zirrara gehien sorrarazi diguna da». Hitz horiekin laburbildu du Kauffmanek Poincenoten bizitako eskarmentua.
«The Rise of the Machines» bidea zabaltzeko hiru egun behar izan zituzten. Pasa den abenduaren 13tik 15era izan zen, eta sokadak estilo alpinoan igo zuen. Kauffmanek azaldu duenez, marra berria sortzeko xedea Schaferrena izan zen: «Mikeyk gonbidapena egin zigun, eta guk, jakina, onartu genuen. Pareta horri ateratako kalitate handiko argazki bat ondo baino hobeto aztertu genuen, eta hirurok bat etorri ginen: `aukera handiak ditugu'».
Hasteko, artesi sistema bat eskalatu zuten. Zazpi luze guztira; gehienez, 6b zailtasuna. Baina horretan zirela Kauffmani bota bat erori zitzaion. Haatik, jarraitu zuten. Headwallera iritsi ziren: «Artesien zailtasuna nahiko iraunkorra zen, eta horietako batzuk, izotzez beteta zeuden. Pioleta hartu eta garbiketa lanari ekin behar izan genion. Eta, gainera, tarte batzuetan harkaitzaren kalitatea eskasa zen. Artifizialeko pauso batzuk egin genituen, eta librean ere (6c) ondo estutu genuen. Ondoren, gure bigarren bibakera heldu ginen».
Biharamunean «Fonrouge-Rosasco» bidean sartu, 150 metro eskalatu eta zailtasunik gabe gailurrera jo zuten.
Jaitsierari dagokionez, halamoduzkoa izan zen. Izan ere, Kauffman oin batean bota batekin eta bestean katu-oin batekin jaitsi zen.
«The Rise of the Machines» da Holsten, Kauffman eta Schaferren sormen lan berria. Nahiz eta 900 metro eskalatu zituzten, 750 metro berriak dira.