GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Lurra zain dezagun!

Lurra ezin da promotoreen esku utzi. Laborantzak gero bat behar du kostaldean ere, turismoari leku guztia utzi gabe

Herritarrak elkartea, herri anitzetan bezala, herrian dauden arazoez arduratzen den elkartea da. Herriko etxeen politika zaintzen duten talde horietakoa, ezkerreko abertzaletasuna herrietan lantzen eta hedatzen duten horietakoa. Urtean bi aldiz aldizkaria ateratzen du, azken gertakariei buruz bere iritzia zabaltzen du, debate berriak plazaratzen eta hautetsi abertzaleen lanaz informatzen du. 1983tik, ia-ia instituzio bat da herritarrentzat, eta agintean dauden hautetsientzat gainetik kentzen ez den zirikatzailea, batzuetan etsai politikoa.

Herritarrak elkartea espekulazioaren kontra aritu da, promotoreen lana salatu eta epaitegietara askotan jo du horietako batzuen kontra ipar Euskal Herriko kostaldeko eraikuntza amaigabearen salatzeko. Etengabe errepikatzen ibiltzen da herriko etxeek ez dituztela tokiko herritarren interesak babesten eta lurra batzuen interesen arabera kudeatzen dela. Laborantzarako lur eremuak babestu behar direla gogorarazten du, debateak bultzatzen ditu eta AHTren kontrako mobilizazioetan beti partaide izaten da. Azken finean, herriko talde abertzaleen funtzioa betetzen du, hauteskundetik hauteskundera.

Azken aldizkarian, herrian hasi den eraikuntza berri baten kontra artikulu bat plazaratu du, eraikuntza berri horrek Herriko Etxearen babesa zuelarik, 50 etxebizitza berriekin. Bi gelako etxebizitza 187.000 euroan proposatzen dute, hau da merkeena, alegia tokiko pertsona batentzat ezin erosia dena; mila euro baita jende askoren soldata soila. Alegia eraikuntza horiek ez direla bertakoentzat eginak, kanpotik etorritakoentzat baizik. Hori dena prentsa guztian eskuinak zabaltzen duen diskurtsoaren kontrako errealitatea. Etengabe errepikatzen den errealitatea, askotan fatalitate bezala bizi duguna.

Azken aldizkari horretan plazaratu den artikuluaren ondotik, aipatua zen promotoreak erreakzio bitxia izan du. Izan ere, hark ere aldizkari bat plazaratu du Herritarrak elkartea salatzeko, erraten zuena gezurra zela eta ezkerreko abertzaleen kontrako azalpenak eginez.

Aldizkari hori herriko auzo gehienetan etxez etxe banatua izan da. Erran nahi baitu promotorea bizi-bizian hunkitua izan dela eta bere ezker abertzalearen kontrako amorru guztia erakutsi nahi izan duela.

Noski, promotore horren kontra egin den salaketa politika orokor baten kontra egin nahi den bultzada da. Promotore horren gibelean beste asko gordetzen dira eta tokiko politikari askoren laguntza dute. Haatik, aldi honetan abertzaleen kontra ekin dute, abertzaleek promotoreek duten erretasuna gelditu nahi dutelako.

Eraikuntzarako zailtasun gehiago erabaki behar dira. Lurra ezin da promotoreen esku utzi. Laborantzak gero bat behar du kostaldean ere, turismoari leku guztia utzi gabe. Promotoreak bere aldizkariarekin abertzaleak etsai gisa erakusten ditu, erraten duguna entzungarriagoa bihurtzen ari dela.

Aurten ere lurra gai nagusia izanen da gurean. Urte berri on!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo