GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

LEHIAKETA Aldaketak

Errotazio sistema berria indargabetu du ASPk

Iaz ASPk indarrean jarritako errotazio sistemak polemika pizten jarraitzen du.

p046_f04.jpg

H.L.A.

ASP erakundea erabaki harrigarriak hartzen ari da azkenaldi honetan. Aste batean gauza bat esan eta hurrengoan kontrakoa iragartzen dute. Aste batean New Yorkeko txapelketa berriz egitekoak zirela esan, eta hurrengoan bertan behera utzi zuten. Gero, WCT zirkuituan txapelketa berri bat iragarri zuten, Santa Cruzekoa, inork gutxik espero zuena; eta azken albistea oraindik eta harrigarriagoa izan da, iaz martxan jarri zuten ASPko errotazio sistema berria baliogabetu dute.

Irailean sartu ziren WCT zirkuituan gerora zeresan gehien eman duten bi surflariak, Gabriel Medina eta John John Florence. Urtean zehar lortutako emaitzei esker goi mailako zirkuituan egoteko prest zeudela frogatu zuten, eta hori bakarrik ez, denbora gutxian arerio arriskutsuak direla erakutsi zuten.

Errotazio sistemak horixe bera zuen helburu, hain zuzen ere, goi mailako surflariei gauzak are eta zailago jarri; eta bestalde, WQSko lehiakideei goi mailan egoteko aukera luzatzea. Sistema horrek goi mailan zeuden zenbait lehiakideren kritika gogorrak jaso zituen, ordea; Bobby Martinezek esaterako, zirkuitua utziko zuela iragarri zuen.

Errotazio sistemak jasotako kritika gehienak lehiakideengandik jasotakoak izan ziren, baina bestalde, errotazio sistemak ikuskizuna bizitu zuen eta tourrean aurpegi berriak ikusteko aukera ere luzatu zuen, eta horri esker ikusleen arreta bereganatu zuen ASP zirkuituak.

Rookie saria, lehen aldiz tourrean hasi eta emaitza onenak biltzen dituen lehiakideari ematen zaion saria da. 2011n Julian Wilson australiarra izan da sari horren irabazlea.

Gabriel Medina edo John John Florence urte hasieratik lehiatzen izan balira, batak ala besteak jasoko luke ziur aski Wilsonek jaso duen saria, zeren, txapelketa gutxiagotan parte hartzeko aukera izan arren, emaitza hobeak lortu dituzte.

Errotazio sistemak eragin handia izan du azken hilotan ASP zirkuituan eta berau indargabetzeak ere eragingo du. Erabakia onerako edo txarrerako izan den, denborak esango du.