Surflari ernegatua
Inuxente!
Mundua bi giza espeziek osatzen dute, txantxak egin eta jasateko gaitasuna dutenak, alegia inuxente eguna maite dutenak; eta egun hori aintzat hartzen ez dutenak. Bigarren multzoan txirrindutik erori denari ez zaiola barre egin behar diotenak daude. Horien sexu jolas maiteenak sado- masokismoa, hurkoaren gainean kaka egitea eta halakoak dira.
Abenduaren 28an «inuxente» eguna izaten da. Bixente, izaki ororen santua da, ez dago santu horren atzaparretatik ihes egin dezakeenik, eta ezta egun berezi horretan lankide edo lagunen batek prestatutako zepoan hanka sartuko ez duenik ere.
Iaz, 2011n ASP zirkuituak Mediterraneo itsasoan goi mailako proba bat egin behar zuela zioen albistea sinetsi nuen Alaplaya.com web orrian, eta aurten berriz ere jo didate adarra. Sinestu nuen txantxetako albisteak zera zioen, AEBetan surf modalitate berri bat arrakasta handia izaten ari zela eta Kelly Slater bezalako surflariak ere hasiak zirela surf modalitate horri gustua hartzen.
Albisteak aipatzen zuen modalitate berria zera zen, taularen gainean beste taula txikiago bat eraman eta olatu erdian batetik bestera jauzi egitea. Sinetsi egin nuen, gaur egun edozein tontokeriak sekulako arrakasta izan dezakeela ikusten baitut.
Nire ustez mundua bi giza espeziek osatzen dute, batetik, txantxak egin eta jasateko gaitasuna dutenak daude, alegia inuxente eguna maite dutenak; eta bestetik, egun hori aintzat hartu ere egiten ez dutenak.
Lehen multzoan gehiengoa gaude, inozo eta sentiberen multzoan. Egia esateko ohitura txatxu hori dugunok osatzen dugu talde hau. Norbait txirrindutik erortzen ikusi eta barreari eutsi ezin diogunak gara. Barkatzen dakigunak. Sexu kontuetarako aspergarri eta irudimen gabekoak.
Bigarren multzoan txirrindutik erori denari ez zaiola barrerik egin behar diotenak daude. Barkatzen ez dutenak. Horiek, morala beren diskurtsoetan ardatz izan arren, ia moralik gabeak dira egiaz. Horien sexu jolas maiteenak sado-masokismoa, pixa eta kaka hurkoaren gainean egitea eta antzerakoak dira. Epaile, polizia, apaiz edo goi kargudunak izan ohi dira, egunerokoan agindu baino egiten ez dutenak. Urteko egun guztiak beraientzat dituztenak.
Zertara datorren sexuaren kontu hau? Edozein gizaki ezagutzeko bitarteko onena sexua da dudarik gabe. Gizakia deitzen dugun animalia hau sexuaren eremuan beste edozein eremutan baino animaliago agertzen baita. Bere ustezko natura ahaztu eta gizakiak sen animalia gisa jarduten duen eremu bakanetakoa izango da sexua.
Orain konturatu naiz jende mota hori ezagutzeko beste modu bat badagoela. Adar jotze bat onartzeko gai ez den jendea da, eta beraz, zera ondoriozta daiteke, urteko egun guztiak beraientzat eginak direla uste duten arren, badela gutxienez egun bat, gainontzeko inozoontzat baliagarri dena, inuxente eguna alegia.
Datorren urteko inuxente eguna iristeko irrikitan nago, batez ere, aipatutako talde horretako norbaiti ziria sartzeko, haren gainean kaka edo pixa egin, takoi altuko zapatekin sexu organoak zapaldu eta zera esateko: «Inuxente, San Bixente, zakurraren buztana tente!».