GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Bodyboardzaleak 2012an Maila goreneko zirkuituan lehian izango dira Uranga eta Aguirre

Alex Uranga zumaiarra eta Eunate Aguirre bizkaitarra bodyboard modalitatean mundu mailan dagoen zirkuitu garrantzitsuenean izango dira lehian 2012an. Iaz bildutako emaitza bikainei esker lortu dute biek maila goreneko itzuliko lehiakideen zerrendan egotea.

p046_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Iaz sekulako emaitzak lortu dituzte euskal bodyboardzaleek. Batetik, Eunate Aguirre bizkaitarrak munduko bodyboard titulua lortu du nesken kategorian, neska batek lor dezakeen titulu gorena alegia; eta, mutilen kategorian, berriz, Alex Uranga zumaiarra izan da sekulako emaitzak lortu dituena. Gauzak horrela, 2012. urtean bodyboard modalitatean bi euskal herritar izango ditugu maila gorenean lehian.

Bodyboard modalitatea eta surfa oso lotuta daude, azken batean olatuak hartzerako orduan denak leku berean baitaude, eta zentzu horretan, batak eta besteak antzekotasun handia dute, baina bodyboardak ez du, inondik ere, surfak komunikabideetan duen oihartzun bera.

Bestalde, txapelketak antolatzeko eta puntuatzeko moduari dagokionean, antzeko eredua dute bi kirolek. Lekuak eta izenak aldatzen dira, siglak ere aldatzen dira, modalitate bakoitzak bere izaerari egokituak ditu izenak, baina egitura, gehiago edo gutxiago oso antzekoa da.

IBA

International Bodyboarding Assotiation (IBA) da kirol honetan mundu mailako txapelketak antolatu eta kudeatzeaz arduratzen den erakundearen izena. Alegia, surfean ASP siglek ordezkatzen duten gauza bera ordezkatzen dute IBA siglek bodyboardean.

Gero eta ezagunagoa den kirol honek oraindik ia ezezagun izaten jarraitzen du; beraz, ia ekidin ezina bilakatzen da, bodyboardaz hitz egiterakoan, konparaketak egitea.

Surfean WCT zirkuitua bezala ezagutzen den goi mailako itzuliak, MWT (Mens World Tour) izena hartzen du bodyboard modalitatean, mutilen kasuan. Lehen mailako txapelketek berriz, Grand Slam Series izena dute. Eta surfean WQS izena duen bigarren mailako itzuliak GQS izena hartzen du bodyboard modalitatean.

2011ko emaitzei dagokienez, MWT zirkuituan Louis Costes frantsesak eskuratu du munduko mutilen titulua eta bigarren postuan Jeff Hubbard hawaiiarra geratu da.

Eunate Agirre

Nesken kasuan, goi mailako zirkuituak WWT (Womens World Tour) izena hartzen du eta 2011ko titulua Eunate Aguirrek eskuratu du. Bigarren postuan berriz, bilbotarraren atzetik, Isabella Sousa brasildarra geratu da.

Eunate Aguirreren ibilbidea, deskantsurik hartu gabe lan egin duen lehiakide baten ibilbidea da. Hamabost urte darama txapelketaz txapelketa esperientzia bildu eta duen onena ematen. Gogor lan eginda emaitza bikainak lor daitezkeela erakusten duen adibide garbia da.

Azken urteetan goi mailan lehiatzen ibili da. Munduko titulua eskuratzeko egin beharrekoak eta bi egin ditu, eta azkenean lortu du, 2011n nesken munduko txapela eskuratu baitu, baina aurrez gogor lan eginda; izan ere, azken bi urteetan goi mailako zirkuituan bigarren postua lortu izan du.

Iaz, nesken goi mailako zirkuitua osatzen duten sei txapelketetan lan handia egin zuen Eunatek eta emaitza bikainak lortu zituen.

Zirkuituko lehen txapelketa, Hawaiin izan zen, Pipelinen, eta bigarren postua lortu zuen. Bigarren txapelketa Portugalen izan zen, Sintra Portugal Pro, eta Eunatek garaipena lortu zuen. Zirkuitu osoan zehar rankingeko lehen postuei eutsi zien, baina azken momentura arte ez zegoen garbi titulua nork eskuratuko zuen; beraz, azken txapelketa, Azores irletakoa, erabakigarria zen eta Eunatek emaitza ezin hobea lortu zuen, lehen postua eskuratu baitzuen.

Eunatek egin duen ibilbidea ikusita, berau hobetzerik ez dagoela pentsa daiteke, baina Bilboko neska hau, dudarik gabe, 2012an berriz ere munduko titulua irabazteko prest dago.

Alex Uranga

2011. urtea sekulakoa izan da zumaiarrarentzat. Denbora gutxian ibilbide bikaina egin du. Irail hasieran GQS mailako proba irabazi zuen Galizian (Surfussion 2011), gero Reunion uhartera joan eta trialsetatik abiatuta txapelketa irabaztea lortu zuen. Hau da, lehenik Trialseko txanda guztiak gainditu behar izan zituen goi mailako lehiakideekin buruz buru aritu ahal izateko.

Reunion irlako txapelketan aurrez inork lortu ez zuena lortu zuen Urangak, Trialsetatik zetorren lehiakide batek txapela eskuratzea, alegia. Gainera txapelketa hura klabikula lesio batekin eta bigarren egunean hondoko arrezifearekin izandako istripu baten ostean irabazi zuen.

Eta urtea amaitzeko, 2011ko GQS zirkuituan lor zezakeen posturik onena eskuratu zuen, lehen postua alegia. Horri esker, aurten MWT zirkuitua osatzen duten 24 lehiakideen artean egoteko aukera izango du, eta ondorioz, lehen mailako zirkuitu hau osatzen duten bederatzi probetan parte hartzen ikusi ahal izango dugu.

Aguirre eta Uranga goi mailan lehiatzen izango dira, beraz, 2012an, hori sekulako albistea da, baina egiten ari diren lan bikaina ikusita, oraindik eta albiste hobeak eskaintzeko moduan daude bi kirolari hauek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo