GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

PRESOEN ALDEKO MANIFESTAZIORIK HANDIENAREN ONDOREN

Aita-amen ondoan daudela jakin dezaten

Xabier IZAGA

Oinez ikasi zuenetik, amari aita ikustera doazela entzun orduko, bere gelara joan, pijama eta Zapi hartz txikia hartu eta, tarrapataka, amarengana itzuliko da Maddi, bera prest dagoela esatera.

Hilean behin joaten da Andaluziaraino, edo Galiziaraino. Amak ez du maizago eraman nahi, umearentzat sakrifizio handiegia begitantzen zaio-eta gau osoa autobusean eman beharra. Astunegia, etxetik arratsean atera eta hurrengo eguneko gauean itzultzea. Hartara, hilean behin elkartuko da aitarekin pare bat orduz. Oso ondo pasatzen dute biek asmatzen dituzten jolasak eginez. Baina itzulera nekagarria da oso. Sentsazioak nahastu egiten dira, nekea pilatu. Astuna da, umearentzat eta denentzat. Astunegia eta arriskutsuegia. Astunegia, arriskutsuegia, tristeegia.

Eta horrela eman ditu Maddik bere lehen bost urteak.

Azken bisitaren biharamunean, ikastolan dago Maddi. Dagoeneko idazten ikasi du. Pozik asko joan ohi da ikastolara, baina gaur pentsakor iritsi da, eta ohi baino isilago dago. Andereñoak umeei esan die gela erdian biribil bat egiteko, jolas bat egin behar dute-eta. Maddik, ordea, ez dio jaramonik egin, ez lehenbizikoan, ezta hamaikagarrenean ere. Eta andereñoak zer gertatzen zaion galdetu dionean, ez dio erantzun. Zorionez, gure herri honetan, beste askotan bezala, sentsibilitate handiko maisu-maistrak bai baititugu, andereñoak mahaian utzi du Maddi, nahi duenean gainerako umeekin biltzeko esanda. Eta besteek ikasgela erdian jolasean diharduten bitartean, Maddik arkatza hartu eta idazten hasi da: «...gauean amets egindut aitarekin nengola eta ez nuela aita ikustera juan bear etxean nirekin zegolako eta biok jolasten ginen eta ni pos-posik nengoen eta gañera pinguinoen lasterketa nik irabasten nion eta hurrenguan olentzerori ez diot ezer eskatuko aita etortea besterik ez bueno eta panpina bat ere bai gura badu».

Atzo, 2012ko urtarrilaren 7ko bazkalostean, amari autobusa hartu behar dutela entzunda, Maddik bere pijama eta Zapi hartu zituen, baita Pirritx, Porrotx, eta Marimototsekin egindako argazkiak. Ezetz esan zion amak, ez zihoazela urrun haietara, Bilbora baizik, eta atzo bertan itzuliko zirela. «Baina nik argazkiak erakutsi nahi dizkiot aitari», esan zuen Maddik, aurpegia goibelduta. «Laster erakutsiko dizkiozu, argazkiok eta Bilbon milaka eta milaka lagunekin egingo ditugunak», erantzun zion amak, «gainera, bertan Pirritx, Porrotx eta Marimotots ere izango dira. Zaila izango duzu ikustea, baina izan, izango dira».

Hantxe izan ginen, mugiezina dirudiena mugitzeko indar handia behar da eta. Hantxe izan ginen Maddirekin gutxienez laurogeita bost lagunetik gora, gutxienez ehun milatik gora, mugituko dugun uste osoarekin, Maddi, eta Harri, Aitor, Katixa, Naiara, Arkaitz, Mieltxo, Axier, Ainhoa, Garazik... beren ametsa egia izatetik hurbilago izan dezaten.

Eta bitartean jakin dezaten bidaia luze horiek egindakoan ez ezik, egunero ere, etengabe, beren aita-ama presoen ondoan daudela. Gure gogo-bihotzetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo