GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Margaret Thatcher

Aipatu gogora datozkizun hamar politikari, herrialde bat gidatu dutenak, edozein garaitan». Hori esanda, gehienok hamar gizon izendatuko genituzke, aukera askoz ere zabalagoa delako, batik bat, baina emakume bat sartuko bagenu, ziur aski hori Margaret Thatcher izango litzateke, adin jakin bat dugunok, behintzat.

«Burdinazko dama» izan zen, kanpotik gogorra eta zurruna zirudielako, ingeles kontserbadore eta izaera itxikoaren irudi tipikoa goitik behera beteta, eta barrutik ere -hartu zituen erabakiei eta herrialdea zuzentzeko moduari erreparatuta- malgutasunak eta samurtasunak ez ziruditelako bere berezko ezaugarriak. Garai latz eta gatazkatsuan gobernatu zuen Britainia Handia, baina noiz ez da garai zail eta gatazkatsua mundu honetan, eta beraren agintaritzan zehar gertaturiko gauza asko eta asko Thatcherren beraren izaerak eta ikusmolde politiko eta sozialak markatu zituztela ezin da alde batera utzi, garaia ulertuko badugu.

Emakume honen inguruko film bat estreinatu berri da, Meryl Streepek jokatuta «Burdinazko dama»ren papera, eta film osoa bere gain hartuta, pelikulak Thatcherren zahartzaroan eta azken garaietako barne hausnarketan sakontzen baitu, hain zuzen. Meryl Streepen beraren hitzetan, «`Burdinazko dama'k erakusten du inor ez dela altzairuzkoa, eta hartutako erabakiek emakume honi ekarritako kostu emozionalean ardazten da filma». Laburbilduta, lehen ministroa izandakoaren alderdirik gizatiarrena erakutsi nahi da, garai haren erretratua izan barik pertsonaia nagusiaren azken orduko kezkak eta balantzeak, pertsonalak.

Haren erabakien eragina jasan zuten guztien tokia alde batera utzita, -hori bestelako filma izan beharko bailitzateke- batetik, Britainia Handia bezalako herrialdea zuzentzera iritsi zen emakumea gogora ekartzea interesgarria iruditzen zait, garai hartako mundu politikoan bitxia izan zelako eta, besteak beste, emakumea izatearen zama erantsiak oraindik ere gaurkotasun handia duelako, politikaren mundua ikusita. Bestetik, ordea, pertsonaia historikoen inguruko filmekin gertatu ohi den bezala, egiazkotasun ezak kezkatzen nau, edo alderdi bakarraren ikuspuntuak jendearengan uzten duen sentsazioa, errealitate baten argazki fidela balitz bezala. Gerta liteke belaunaldi gazteek filma ikusi eta Thatcher andre zahar gajoa baino ez ikustea. Gerta liteke inoiz ez jakitea garai hartan emakume hark hartutako erabaki askok zein ondorio izan zituzten, edo politika egiteko orduan zer nolako ereduari heldu zion, gizonen munduan gizonek baino gizonago jokatuta, horren guztiaren inguruko irakurketarik ez egitea.

Eta merezi du, asko erakuts liezagukeelako Margaret Thatcher bezalako pertsonaia ezagutzeak ez ezik, haren garaia ere berrikusteak, atzo goizekoa baita, mundu erreal eta oso hurbilekoa, eta ez Meryl Streepi Oscar saria emateko produktu entretenigarria soilik. Edo emakume zorrotz, gogor eta gupidagabearen irudia erabat eraldatzeko saiakera. Emakume politikaria emakume hutsean, betiko estereotipoei jarraiki, uzteko beste film bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo