Sei lagun zauritu ziren atzo Bizkaian eta Araban auto istripuetan
GARA | BILBO
Zornotza eta Gernika lotzen dituen Autzaganeko gainean bi autok elkarren aurka talka egin, eta bi lagun zauritu ziren.
Lakuako Barne Sailak aditzera eman zuenez, istripua goizeko hamarrak aldera gertatu zen BI-635 errepidean. Opel Zafira markako ibilgailu batek eta Ford Focus batek tupust egin zuten.
Kolpearen ondorioz, 35 urteko emakume bat eta 42 urteko gizonezko bat Galdakaoko ospitalera eraman zituzten.
Errepideak puntu horretan dituen hiru errailetatik bi moztuta gelditu ziren 13.30 arte.
Bestetik, N-1 errepidean, Langraiz parean, lau autok eta kamioi batek talka egin zuten. Garabiak eraman behar izan zituen autoak eta Txagorritxu eta Santiagoko erietxeetara eraman zituzten zauritutako lau lagunak.