Sute batek hiru ibilgailu kiskali ditu Donostiako aparkaleku itxi batean
GARA | DONOSTIA
Donostiako Gros auzoko aparkaleku batean sute bat izan zen larunbatetik iganderako gauean. Sutea Nafarroa Beherea plazan dagoen aparkaleku pribatu eta itxi batean gertatu zen. Sutearen ondorioz, bi auto eta motozikleta bat erabat kiskalita geratu ziren. Donostiako suhiltzaileek azaldu zutenez, sutea goizaldeko ordu biak jo eta pixka batera gertatu zen.
Suhiltzaileak bertaratu zirenean, BMW markako auto bat, Volkswagen Golf bat eta Harley Davidson motozikleta bat sutan topatu zituzten. Inguruan kartoi eta egur zati batzuk ere aurkitu zituzten. Behin sua itzalita, garajea ikuskatu zuten norbait egon zitekeen beldur, baina une horretan ez zegoen inor hiru solairu dituen garajean. Orduetara erre usaina nabaria zen oraindik Groseko plaza horretan.