KRONIKA | BUKAERA EKITALDIA, BARRUTIK
Hamaika ahots, oihu bakarra: «Hator neska-mutil etxera!»
Irrintzi, bertso eta abesti, kantatzen duen herria ez baita inoiz hilko, «Gora Herria» abestian kantatu zenez, herenegun Euskal Herriak Bilbon egin zuen erakustaldia eta eman zuen lekukotza denbora luzez izango dugu gogoan... guztiak etxeratzen diren arte.
Anartz BILBAO
Herenegungo manifestaldia ixtekoa zen Fermin Muguruza, kantuan. Baina milaka eztarri izan ziren, bat bakarra eginda, «Hator neska-mutil, etxera!» salto-saltoka kantatuz ekitaldia berotu eta hitzordu historikoa borobildu zutenak. Ordurako Muguruzak berak, besteak beste Ines Osinaga eta Alaia Martinekin batera pankarta atzean ibili zuen bidea abiatzear zuen kasik La Casillan metatu zen jendetzak -ekitaldiko oholtza desmuntatu ondotik ere udaletxerako bidean ziren azkenak-. Guzti horiek ibilbidean ziren pantaila erraldoi eta bozgorailu indartsuetatik jarraitu zuten ekitaldi hunkigarria.
«Egin Dezagun Bideatik deitu eta proposamena egin zidaten», adierazi zigun Muguruzak berak ekitaldia bukatu bezain pronto, zaleekin argazkiak egin eta lagunak agurtzen ari zela. Presoen senide adindun batzuk «eguna alaitu diguzu!» esanda besarkatu zuten, bitartean Periko Solabarria Iñigo Muguruzaz galdezka zela, agurtu nahi zuela-eta.
Irungo artistak proposamena onartu, musikari kideak aukeratu eta... «ostegunean elkartu ginen Villabonan Xabi Solanok duen lokalean, kantuak entseatu eta arratsaldea pasatzeko. Eta biharamunean GARAn agertu zen», jarraitzen du kontakizuna. «Askotan gustatzen zait inprobisazio puntu batekin jokatzea».
Oholtza gainean, Ferminen hurbileko taldea: Anaia gaztea, Iñigo, gitarran; Jon Tronbon izena ematen dion tresnarekin, Xabi Solano soinu txikian eta DZ disko jartzaile lanetan. Ahotsetan berriz, sei hilabeteko haurdun den Sorkun, Ines Osinaga eta... milaka lagun. «Bospasei urte kontzerturik eman gabe, eta animo handiarekin etorri gara -mintzo da Muguruza-. Anaia Iñigorekin esate- rako, pentsa zenbat urte, Kortaturen garaietatik jotzen; baina denbora asko generaman elkarrekin ezer egin gabe».
Kantuak -porrak ere egin omen ziren zeintzuk izango ziren asmatzeko-, bi: Negu Gorriakek emandako «Gora herria!» hasteko eta «Hator hator mutil etxera» kantuaren moldaketa. «Lehena Grande Marlaskaren probokazioari aurre egiteko ezin aproposagoa, `eztarri indartsuak ezin dira ito, gure lepoan soka ez dago betiko' dio-eta. Bigarrena aldiz, orain hogei urte Herrera de la Manchara egindako martxan kantatu genuen aurrenekoz, beste ekitaldi hunkigarri batean».
«Zoragarria izan da», aitortu zigun Muguruzak, ekimena definitzeko hitza aukeratzea kostatzen zitzaiola. «Alaia eta Inesekin pankarta atzean... urduritasunez eta zirraraz betetzen joan gara... eta itzela izan da. Manifestaldi isila behar zuenez -eta ezinezkoa da horrenbeste jende eta grinaz-, asmoa ekimena kantuz berotzea zen». Baita lortu ere, soinu kaskar edo ezohiko formatua zirela medio -mikrofonoak txekeatuta zituzten eguerdi osteko soinu probatxoan-. Iñigo Muguruzak, bere aldetik, «lekukotzari» eman zion garrantzia, ondoan «guztiz hunkituta» zen Xabi Solano.
18/98ko auzipetuen aldeko zuzenekoan, azken euskal presoa etxeratzean Kortatu itzuliko zela esan zuen Muguruzak. «Bai, bota nuen (kar, kar). Luze jo dezake, eta jada 50 urte inguru ditut... baina oraindik hasi ez bagara ere, hilabete batean prestatuko genuke, eta makuluz lagunduta bada ere... jo! Kolosala ez, sekulakoa izango litzateke, izugarria!».
Irrintziz
Kantuak alaitu zuen ekitaldia, presoen senideak kasik dantzan jartzeraino. Baina aurretik «zein herriren aurrean ari garen kantuan, poza eta ohorea dut» esan zigun Alaia Martin hunkituaren bertsoak eta «soinua faltan bota dut, ez nago hitz egitera ohituta» aitortu zigun Osinagaren mintzaldia izan genuen, irrintziek agurtu zuten ekitaldian. Irrintzilari zereginetan Aribeko Karmele eta Ondarroako Doita (Kirru presoaren arreba) izan ziren, kantatu baino bost minutu lehenago elkar ezagutu zuten irrintzilariak.