GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

PRESOEN ALDEKO MANIFESTAZIORIK HANDIENAREN ONDOREN

Biharamuna, igandez, familia giroan Elorsoroko egongelan

Bilboko zaratatik Elorsoroko isiluneetara eta ilunpera. Bezperan ehun mila hanka parek ibili zuten bidea eta kasik eztarria lehertu zitzaien pankarta batean mutututako oihuarekin. Biharamunean, suabe-suabe kantatu zuten bertsolariek Oiartzungo Elorsoro kiroldegian, familia giroan. Ehun mila izan edo mila eta bostehun izan, beti nabarmentzen dira hutsuneak.

p007_f01.jpg

Amagoia MUJIKA | OIARTZUN

Mila eta bostehun lagun bildu ziren Elorsoro kiroldegian Etxeratek urtero antolatzen duen saioan. Jende asko da eta, hala ere, familia giroa nagusi. Urterokoak batzuk, berriak beste batzuk eta hutsuneak, beti bezala, gehiegi. Eta bildutakoen gogoan, hain justu, ez zeudenak.

Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Igor Elortza, Jon Maia, Alaia Martin, Xabier Silveira eta Aitor Sarriegi aritu ziren Unai Elizasuk jarritako gaiei kantuan. Bezperan Bilbon izandako manifestazio erraldoiaren oihartzunak iritsi ziren, noski, Oiartzuna. Alaia Martinek agurrean abestu zuen bezala, «atzo indarra gaur maitasuna ta askatasuna bihar». Eta horiexek izaten dira, maitasuna eta mimoa, Oiartzungo saioaren tasun nagusienak. Atzokoan denetik izan zuen, umoretik, gogoetatik, negar isiletik... eta une bitxiak ere izan ziren; soinurik gabeko txaloak -gorren hizkuntzan egin zuen txalo jendeak ariketa batean-; doinurik gabeko bertsoak -Egaña eta Elortza puntuka errezitatzen aritu ziren- eta argirik gabeko saioa -Egaña eta Silveira argiak itzalita aritu ziren-.

Aipatu bezala, bezperako manifestazioa presente izan zen saioan. Unai Elizasuk Joseba Sarrionandiaren «Kolosala izango da» liburua eman zien Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusi, eta hura eskuan aritu ziren. «Sarri etortzen den egunerako hemen hamar lore sorta/ baina etortzen den egunean ez da bukatzen borroka/ aurrera segi beharko dugu martxan jarririk errota/ gure bizitzan sartu dituzten ziega txiki denen kontra», bota zuen ale batean Ametsek. Eta, Maialenek, erantzun, «gure barrutan zenbat itzalpe, burdin hots eta kartzela/ literaturan gure magian beti presente ospela/ bidea ez zen atzo hasi ta pentsa luze joango dela/ nik sinisten dut gure hitzek ere bide egiten dutela».

Jon Maia bakarka jarri zuen geroxeago Elizasuk, Bilboko hitzorduan aurpegi berriak zeudela eta baita atzo Oiartzungoan ere esanez. «Duda-mudatan zein bildurretan jendea ohi da erori/ bakoitzak ditu bere barruan kontraesan ta istori/ zenbatek ez du beregan egin berriz hamaika teori/ baina halare eskerrik asko batu zareten danori/ irabaztera goazenaren seinalea baita hori», bota zuen bigarrenean.

Baina umoretik ere dezente izan zuen saioak. Andoni Egaña eta Amets Arzallus bi arotzen azalean jarri zituen gai-jartzaileak. Munduaren bukaera gertu dela-eta, barku handi bat egina zuten eta atzeko seietatik nor salbatu erabaki behar zuten. «Ta Lesakako Silveiratar hau aspaldidanik gertuko/ dudan nengoen ta dudan nago uko egin ez egin uko/ honek bizitzan hainbeste gauza ez al zuen probatuko/ igoal ontzian ez sartuta re hau ez da akabatuko», bota zuen Arzallusek Silveirari buruz.

Eta Egañak, Elortzari buruz, «zeinen itxura flako eskasa dan Durangoko horrena/ beti tokian ta beti juxtu inoiz ez da nabarmena/ pixkat zalantzan egon naiz baina pasa zu ere barrena/ toki guztitan behar da dandy bat klase pixka bat duena». Geroxeago, hain justu, Egañak eta Elortzak josi zuten elkarrekin arratsaldeko une magiko bat puntuka eta doinurik gabe aritu zirenean.

Beste gailurtxo bat Maialen Lujanbiok marraztu zuen. Burua galtzen ari den amona pasiatzera atera eta zabuan ibiltzeko eskatu zion. Hiru bertso hunkigarri utzi zituen. Hau, hirugarrena; «gogorrena da seme-alabentzat hala izan da gaurdaino/ halare bera ondo ikusten da bere hitz bere enpeño/ ta auskalo non ote dabilen begiz erne buruz laino/ kulunpioai bultzako diot etzendun usteko baino/ ta denboraren kulunkan zoaz zuk nahi duzun lekuraino».

Atzo, berriz, Elorsoro elkartasunez lepo eta hutsunez beteta.

Silveiraren agurra

Hau bota zuen Silveirak bukaeran: «Oholtza gainera erori nintzen nere ametsen eskutik/ ordu ezkero bizi naiz kendu ezinik rimak burutik/ ordea hogei urte ta gero hemen jeisten naiz barkutik/ gaurtik aurrera ibiliko naiz soilik nahi dudan lekutik/ baina inungo arrankurarik gabe muxu bat barru barrutik»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo