AIZKORA Urrezko Lehiaketa
Otaño eta Otaegi faboritoen zerrendan daude dagoeneko
Ibarrakoak eta Zizurkilgoak oso erraz menderatu zituzten txapeldunak.
Jon LEUNDA
Unai Otañok eta Joseba Otaegik Urrezko Aizkorako txapela lortzeko beren hautagaitza aurkeztu zuten atzo Deban jokatu zen norgehiagokan. Hasteko, finalerdietara sailkatuta daude. Atzo, egungo txapeldunak, Iñaki Azurmendi eta Aitzol Atutxa, oso erraz, uste baino errazago, hartu zituzten mendean.
Lehen proba bakarrik galdu zuten Ibarrakoak eta Zizurkilgoak. Hortik aurrera jaun eta jabe izan ziren eta amaieran bi minutu eta erdiko tartea atera zieten egungo txapeldunei.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren saioari hasiera emateko, eta hori irabazi zuten txapeldunek. Enborra, 36 kolpetan erdibitu zuten, eta bi kolperen tartea atera zieten aurkariei. Hortik aurrera Ibarrakoa eta Zizurkilgoa jaun eta jabe izan ziren.
Bigarren proban kana-erdikoa zutik jarrita moztu behar izan zuten, eta hori 2 minutu eta 35 segundotan bota zuten, aurkariei 18 segundo kenduz. Proba horren ostean, jadanik aurretik jarri ziren. Hirugarrengoan, erlojuz kontra bina 45 ontzako bota behar izan zituzten, bakoitzak bana. Biak, minutu eta 34 segundotan amaitu zituzten, eta 21 segundo atera zizkieten.
Laugarren lanean, bi 45 ontzako ebaki behar izan zituzten; bat zutik eta bestea etzanda. Horiek, 2 minutu eta 14 segundotan bota zituzten, eta aurkariek, berriz, Azurmendik eta Atutxak, alegia, 21 segundo gehiago behar izan zituzten. Azken-aurreko proban, bi 60 ontzako bota behar izan zituen bikote bakoitzak, eta hori ere aise irabazi zuten Unai Otañok eta Joseba Otaegik, 2 minutu eta 59 segundo behar izan baitzituzten lanak burutzeko, eta 25 segundoko tartea lortu zuten.
Ekinaldia amaitzeko, sei kana-erdiko erdibitu behar zituzten. Ordurako tarte handia lortua zuten Ibarrakoak eta Zizurkilgoak, eta proba honetan aldea gehitu egin zuten. 9 minutu eta 3 segundotan amaitu zuten lana, eta minutu bat eta 17 segundoko tartea lortu zuten.
Lan guztiak burutzeko 19 minutu eta 3 segundo behar izan zituzten Otañok eta Otegik, eta 21 minutu eta 31 segundo, berriz, Azurmendik eta Atutxak.
Atzoko probaren ostean, Otañok eta Otaegik finalerdiak jokatzeko txartela lortu dute, eta Azurmendik eta Atutxak, berriz, final-laurdenak jokatu beharko dituzte beste multzoko hirugarren sailkatuaren aurka.