GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Berezkoen Superprestigioa

Kurutxarik kendu dio agintea Waltariri

p038_f02.jpg

KURUTXARI 40

WALTARI 34

J.L.

Andde Kurutxarik eman dio amaiera Waltariren aginteari. Kubako pilotaria jaun eta jabe izan da azken urte hauetan eta atzo arte bera zen txapelduna, bai Buruz Burukoan, bai Binakakoan, baita Mastersean zein Superprestigioan ere. Aurten, bat behintzat galdu du aurrelari amerikarrak.

Hala ere, gauza batzuk argitu behar dira. Sakea da Waltariren armarik eraginkorrena. Berak sakatzeko era oso ezberdina dauka, eta sekulako abiadura ematen dio pilotari. Lehiaketa honetan antolatzaileek euskal pilotariak bezala ateratzeko eskatu zioten, eta onartu egin zuen. Beraz, pilota behetik gora astinduz atera du sakea, baina garbi dago ez diola lehen jokaldiari berak duen jokatzeko erarekin bezalako etekinik atera. Hasi aurretik garbi utzi zuen, hemen onartzeak ez duela esan nahi beste lehiaketetan ere onartu behar duenik, eta atzo ikusitakoaren arabera, ez dirudi datorren astean hasiko den Buruz Burukoan horrelakorik onartuko duenik.

Finala bera dotorea izan zen eta Kurutxariren garaipenari ez zaio inongo aitzakiarik jarri behar. Nafarroa Behereko pilotaria oso ongi aritu zen hasieratik. Bazekien zer egin behar zuen, eta burua hotz edukitzen saiatu eta asmatu egin zuen.

Waltarik badu gabezia bat, eta horretaz ederki baliatu zen. Kubakoa markagailuan aurretik ez bada eta aldeak ateratzen ez baditu, oso urduri jartzen da, egon ezinean, eta horixe lortu zuen Kurutxarik. Hasieratik aurre hartu zuen, baina kubatarraren erreakzioak ere ez zuen estutu. Waltarik 5-9 ihes egin zuenean, bazirudien partida fite joango zela bere alde, baina Kurutxarik bere lana egiten jarraitu zuen, eta berriro ere harrapatu egin zuen. Oreka azken hamar tantoetan apurtu zen, eta Kurutxariren aldeko joera hartu zuen. Amaieran sekulakoa izan zen Kurutxarik hartu zuen poza, eta berria bera ere ona da pilotarentzat, Waltariri ere irabazterik badagoela erakutsi baitzuen Anddek. Hori bai, orain ikusi beharko da sakearekin Waltarik zer egiten duen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo