GARA > Idatzia > Kultura

Expodistrito zikloak bederatzi erakusketa jarriko ditu Bilbon

GARA | BILBO

Expodistrito Bilboko aldi baterako erakusketa zikloak 2012ko lehen hiruhilekorako programa inauguratuko du gaur, urtarrilak 9. Martxoaren 31ra arte, Barrainkua, San Inazio-Ibarrekolanda, Castaños, San Frantzisko, Otxarkoaga, Begoña eta Burtsa-Ibaiondo udaltegietara hurbiltzen diren bilbotarrek, zazpi pintura, eskultura eta argazki erakusketa eta Otxarkoagaren eta Begoñaren historiari atzerako begirada ematea proposatzen duten beste bi erakusketaz gozatu ahal izango dute.

Egitaraua, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta helburuen artean hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea ditu, baita jada ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere. Expodistrito zikloan ohikoa denez, erakusketak zazpi udaltegietan txandakatuko dira.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Afrikako errealitatea da bihar inauguratuko diren bi proposamenen ardatza. Hilaren amaierara arte San Inazio-Ibarrekolandako Udaltegian izango da ikusgai Owen Maseko artistaren «Zimbabweko pintura» erakusketa. Halaber, Kinshasa hiri afrikarra izango da Txelu Angoitiaren argazki erakusketaren eszenatokia; argazkilariak, malariak gizartean dituen ondorioak eta ondorio ekonomikoak islatu nahi ditu bere lanean.

Umeen erretratuak

Datorren astean inauguratuko diren erakusketen artean, Monica Aldanak Begoñako Udaltegian aurkeztuko duen argazki erakusketa dago. Samurtasunez betetako umeen erretratuen bilduma bat erakutsiko du. Halaber, hainbat teknika erabiliz egindako natura hilak, hirietako paisaiak edo irudimenezko paisaiak izango dira Javier Diaz eta Concha Barriuso artistek Burtsa-Ibaiondoko Udaltegian aurkeztuko duten lana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo