GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Final laurdenetan izateko azken aukera du Biarritzek

Zuri-gorriek bihar 16.00etatik aurrera Saracensen zelaian jokatuko duten partida galtzen badute, sailkatzeko ia aukerarik gabe geratuko dira. Irabazten baldin badute, berriz, urrats handia emango dute.

p040_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek Heineken Kopan aurrera egin nahi baldin badu, garaipena behar du bihar Saracensen zelaian. Galtzen badute, akabo lapurtarren aukerak, eta burua Ligan bakarrik izan beharko dute. Norgehiagoka 16.00etan hasiko da.

Biarritz denboraldiko unerik onenean da. Azken bi jardunaldietan garaipena lortu du, eta mailari eusteko itxaropena indartzen ari da. Kasualitatea edo ez, Yachviliren unerik onenarekin batera iritsi da zuri-gorrien susperraldia. Dimitri ezinbestekoa izan da azkeneko denboraldi hauetan Agileran, eta aurten ere horrela izango dela dirudi.

Munduko Kopan izan zen bitartean bere hutsunea oso nabarmena izan zen, eta handik ez zen sasoiko itzuli; bere falta izugarri nabaritu dute bere taldekideek. Orain, ordea, badirudi indartsu dagoela. Ostikoekin dena barrura sartzen du, eta jokoa ederki antolatzen du. Bihar ere bere jokoaren arabera arituko da ziurrenik taldea. Ongi baldin badago, zuri-gorriek, seguruenik, partida ona egingo dute; bestela, komeriak izango dituzte.

Une honetan, Saracens sailkapeneko lehen postuan dago 14 punturekin, eta bigarren Biarritz, bi puntu gutxiagorekin. Beraz, bihar Laguisquetek zuzentzen dituen mutilek garaipena erdietsiko balute, lehenengo jarriko lirateke, eta final laurdenetan izateko sekulako urratsa emango lukete, nahiz eta azkeneko jardunaldian ere irabazi egin beharko luketen, besteei begira egon beharrik ez izateko.

Orain dela hiru aste guztiz beltza zena, orain argitu egin da, taldearen jokoak horretarako itxaropena ematen baitu, baina Serge Blancok, taldeko nagusiak, garbi utzi du hankak lurrean izan eta gauzak lasai hartu behar direla. Klubak, ordea, jokalari oso onak ditu, eta beren maila ematen hasten direnean, gora egin beharra dauka.

Orain arte jokatu diren lau jardunaldietan, Saracensek hiru irabazi ditu eta bakarra galdu du. Biarritzek, aldiz, bi partida irabazi eta bi galdu ditu, eta final laurdenak jokatzeko, bai behintzat inori begira egon gabe, geratzen diren bi partidak irabaztea komeni zaio. Azkeneko urte hauetan, lapurtarrak beti sailkatu dira bigarren fasera, eta orain bi urte, gainera, finala ere jokatu zuten; kolpe handia izango litzateke Agilerakoentzat aurten aurrera ez egitea.

Taldeak erabakita

Bi taldeetako entrenatzaileek hamabostekoak erabakita dituzte, eta honako hau izango da Biarritzek zelairatuko duena: Barcella, Terrain, Gomez Kodela, Thion, Taele, Lauret, Guyot, Fauere, Yachvili, Bosch, Bolakoro, Traille, Gimenez, Ngwenya eta Balshaw. Aulkian, berriz, Heguy, Marconet, Guinazu, Carizza, Harinordoki, Peyrelongue, Baby eta Haylet Petty geratuko dira entrenatzaileekin batera.

Saracensen hamabostekoa hau izango da: Gill, Smith, Borthwick, Botha, Brown, Saull, Joubert, Spencer, Hodgson, Wyles, Barritt, Farrell, Strettle eta Goode. Aulkian, berriz, George, Du Plessis, Stevens, Kruis, Wray, Stringer, Powell eta Short geratuko dira, partidan zehar minuturen batzuk jokatzeko itxaropen osoarekin.

Hernanik Oviedo hartuko du Landareko zelaian

Ohorezko B Mailan, Bera Bera eta Hernani ia bi hankak igoera fasean dituztela ari dira jokatzen. Horrenbestez, sailkapeneko lehen postua lortu nahian ari dira orain, nahiz eta hernaniarrek abantaila dezentea duten. Gaur, 16.00etatik aurrera Landaren jokatuko du Hernanik, Oviedoren aurka. Gipuzkoarrek ez lukete garaipena lortzeko arazorik izan behar. Bera Berak, berriz, bihar jokatuko du Hospitaleten zelaian. Norgehiagoka 12.30ean hasiko da.

Ohorezko B Mailako hirugarren euskal taldea, Durango, egoera larrian da, eta garaipena behar-beharrezkoa du jaitsierako postuak baztertzen joateko. Bizkaitarrek Independiente hartuko dute gaur, 16.30etik aurrera. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo