GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ITSASOA

Txinako Hainan uharteak, munduko surflarien agendan

Surfaren hedapenak mugak gainditzen jarraitzen du. Txinako Hainan uharteetan mundu mailako txapelketa bat egin berri dute lehen aldiz.

p046_f01.jpg

p046_f02.jpg

p046_f03.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Txinako Hainan uharteetan egin dute herrialde horretan egin den mundu mailako lehen txapelketa. Besteak beste, ezker olatu luze eta eder bat dago Hainan uharteetako Wanning irla zoragarrian; bertako olatuak izugarri handiak ez izan arren, txapelketak iraun zuen bitartean ezker olatu horren potentziala agerian geratu zen.

Horrez gain, bada beste datu aipagarri bat: ez zen txapelketa bakarra izan, bi baizik. Izan ere, bat ISAk antolatu zuen, eta, bestea, berriz, ASP erakundeak.

Txinako Herri Errepublika osatzen duten probintzietako bat da Hainan. Uharte desberdin ugarik osatzen dute probintzia, horietako handiena Hainandao delarik. Bertan dago probintziako hiriburua ere: Haikou.

Hainandao uharteak 34.000 kilometro karratu ditu eta zortzi milioi biztanle baino gehiago bizi dira bertan. Uharteak Belgikaren antzeko azalera du, pixka bat bat handiagoa bada ere. Bertakoek Vietnameko jendearekin antz handia dute, izan ere, Hainandao Vietnametik oso hurbil dago. Budismoa da erlijio nagusia, nahiz eta islama eta kristautasuna ere oso hedatuta dauden.

Hainan uharteetan Txinako gainontzeko lekuetan baino industria gutxiago dago. Mendi garaienak Wuzhi izena du eta 1.876 metroko altuera dauka. Kostaldea, berriz, tropikala da, palmondoak eta giro epela dira nagusi, eta uraren tenperatura ere altua da; beraz, bainujantzia jarrita surf egiteko leku aproposa da. Hainan uharteetako irletako bat da Wanning, eta bertan egin ziren aipatu mundu mailako bi surf txapelketak.

Txina oraindik ongi ezagutzen ez den lurraldea da surflarientzat, baina Wanning uharteak ospe handia hartu du oso denbora gutxian. Bertan daude olatu ezagunenak eta bertan dagoen Riyue Bayko ezker olatu luzea izan zen txapelketa egiteko hautatutako lekua. Ez da olatu handiak maiz izaten dituen lekua, itsaskiak nahiko urri izaten dira, baina olatuak dauden egunetan surf egiteko gune oso onak daude. Longboard egiteko edo hasi berrientzat ere leku ezin hobea da, izan ere, olatuek tamaina egokia izaten dute (ez dira oso handiak) eta giroak eroso surf egiteko baldintzak sortzen ditu.

ISA (International Surfing Asociation) mundu mailako surf txapelketak antolatzen dituen erakunde bat da. Teorian erakundeak indar handia izan beharko luke, mundu mailako federazio antzeko bat baita, estatuen egituretan txertatuta dagoena. Kontua da ISA erakundeak beste edozein kirolek dituen egitura eta jarduera berak dituela, eta, horrek, noski, arazo bat suposatzen duela: maila administratiboan askoz ere lotura gehiago izatea.

ISA erakundeak ez dauka diru sari handiak eskaintzeko gaitasunik, horregatik ez dauka arrakasta handirik. Bere helburua surfa kirol olinpiko bilakatzea da: horrela, Olinpiar Jokoetan parte hartuta, surfak beste edozein kirolen pareko estatusa lortuko luke, eta, bide batez, diru sariak ere handiagoak izango lirateke.

Egun Fernando Aguerre da ISAko lehendakaria. Fernando argentinarra da eta bere anaia Santiagorekin batera, 1980an Reef sandalien marka sortu zuelako da ezaguna. Aldi berean, Reef marka, bere iragarkietan neska gazte lirainen ipurdiak erakusteagatik da famatua.

ASP da ezagunenak diren munduko surf txapelketak kudeatzen dituen erakundea. Askatasun handiagoa dauka erakunde honek eta egun munduko zirkuitu garrantzitsuenak ASPkoak direla esan daiteke.

ASP (Association of Surfing Professionals) da egun munduko surf txapelketen monopolioa duen erakundea. Bere arau eta irizpideen arabera antolatzen da piramidea, herri mailako txapelketetatik hasi eta punta-puntako txapelketetara. ASPk antolatzen dituen mundu mailako surf txapelketei dagokienean, hiru maila bereizi behar dira. Lehenengo mailan WCT zirkuitua aurkitzen da. Gero, Prime izeneko txapelketak daude, bigarren maila batean. Eta, azkenik, WQS zirkuituko Star txapelketak leudeke.

Hala eta guztiz ere, ofizialki, ASP erakundeak ez dauka munduko titulua emateko eskumenik, horregatik «munduko txapelduna» esaten denean «ASP zirkuituko txapelduna» esan beharko litzateke, munduko titulua ematen duena eta horretarako eskumena duen erakunde bakarra ISA baita.

Hainan Wanning Riyue Bay International Surfing Festival izan zen urtarrilaren 12an amaitu zuten txapelketa egiteko hautatu zuten izena. ISA erakundeak antolatutako txapelketa honek, Txinako administrazioaren laguntzarekin batera, Quiksilver marka izan zuen babesle.

2011n ISA zirkuituan herrialde bakoitzak lortutako puntuak kontuan hartuta, zortzi hoberenak izan ziren Txinan parte hartzera gonbidatuak: Australia, Brasil, Frantzia, Argentina, Hegoafrika, AEBak, Venezuela eta Peru.

Txapelketari hasiera emateko, horrelakoetan egin ohi den moduan, irekiera saioa egin zen eta herrialde bakoitzak bere hondartzetako area eraman zuen. ISAko txapelketen aitzinean egiten den zeremonia moduko bat da, hondar desberdinak nahasten dituzte ontzi batean, hasiera ekimen sinboliko gisa.

Taldeka lehiatzeaz gain, nazio bakoitzak bere bakarkako ordezkariak ere bazituen. Horrela, talde bakoitzeko lau mutil eta bi neskak bakarkako lehian parte hartu behar zuten, eta, lehiakide bakoitzak lortutako puntuak, ordezkatzen zuen herrialdearentzako ziren. Beraz, hiru kategoriak osatzen zuten txapelketa; taldekako lehiaketa batetik, eta, bestetik, nesken zein mutilen bakarkako lehiaketak.

Australiarrak izan ziren nagusi, urrezko domina irabazi zuten, bai taldekako lehian bai mutilen bakarkako lehian ere. Zilarrezko domina frantsesek eraman zuten, brontzezko domina estatubatuarrek eskuratu zuten eta kobrezko domina perutarrentzat izan zen.

Nesken kategorian Sofia Mulanovich perutarra izan zen garaile, eta, mutilen kategorian, berriz, Heath Joske australiarrak irabazi zuen urrezko domina.

Txapelketa oso berezia izan zen, argazkietan ikusi ahal den moduan; txapelketako giroa eta Txinako kulturak dituen berezitasunak modu harrigarrian uztartu ziren.

Beste berezitasunik ere izan zen, ordea, Txinako txapelketan, izan ere, ISA eta ASP erakundeek, elkarlanean, beste txapelketa bat antolatzeko egin beharrekoak egin zituzten eta helburua lortu zuten. Ondorioz, ASP zirkuituaren barruan egin den lehen txapelketa egitea adostu zuten. ISAko txapelketa amaitu ostean, ASP zirkuituko WQS mailako txapelketa bat zen abian, lau izarrekoa, Hainan Clasic, urtarrilaren 12tik 14ra bitartean.

ISAko txapelketan, alegia, lehen txapelketan, olatuak onak izan ziren, metro bateko ezker olatu luzeak, baina bigarren txapelketan, ASPko zirkuituko txapelketan, olatuak oraindik eta hobeak izan ziren. Itsasoak gora egin zuen, olatuek bi metroko garaiera hartu zuten eta lehiakideek mota guztietako ariketak egin eta giroaz gozatzeko aukera izan zuten.

Dion Atkinson australiarra horrela mintzatu zen: «Pixkanaka geroz eta hobeagoak eta handiagoak ziren olatuak. Sinesgaitza zirudien, horrelako baldintza bikainak eta lau surflari bakarrik uretan; gainera, ordu erdiz. Olatua amaitzean itzulera oso luze egiten zen; ia ez nituen besoak sentitu ere egiten».

wanning uhartea

Bertan daude Hainan uharteetako olatu ezagunenak eta bertako Riyue Bayko ezker olatu luzea izan zen txapelketa egiteko hautatutako lekua. Ez da olatu handiak maiz izaten diren lekua, baina olatuak daudenean surf egiteko toki oso onak daude. Leku bikaina da hasiberrientzat ere.

dominak

Australiarrek urrezko domina irabazi zuten, bai taldekako lehian bai mutilen bakarkako lehian. Zilarrezko domina frantsesek eraman zuten, brontzezko domina estatubatuarrek eskuratu zuten eta kobrezko domina, azkenik, perutarrentzat izan zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo