GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Marrazoa

Urte berria hastearekin batera marrazo beldurgarri bat agertu zen Landetan. Surflari batek topatu zuen, oraindik bizirik, baina hilzorian.

Filmetan eman zaion izen txarragatik edo bere irudi arkaikoak gure iragarkietako top model kanonarekin bat egiten ez duelako, auskalo zergatik, baina ukaezina da beldurra sorrarazten duen animalia dela marrazoa.

Egun batzuk lehenago hiru izurde agertu ziren ingurune berean eta jada surflarien arteko eztabaidak hasiak ziren Facebook eta Twitterren. Marrazoaren argazkia agertu zenean iruzkinak bikoiztu egin ziren eta eztabaidaren ardatz bihurtu zen azkenetan zen marrazo gizajoa.

Batzuek marrazo hura halakoa zela zioten, besteek bestelakoa, batzuek ez zela arriskutsua, besteek letala zela, batzuek gehienez lau metroko luzera izan dezakeen espezie batekoa zela, besteek, hori, espezie horren gutxieneko luzera dela, eta abar.

Sopelan agertu balitz ez legoke dudarik, irratietako tertuliano orojakileek segituan asmatuko lukete haren jatorria, jaiotza data, ibilbide akademikoa, delitu aurrekariak zituen, zein beste marrazorekin ibiltzen zen, maitalerik bazuen eta baita Realzale edo Athleticzale zen ere.

EITBko kamerak marrazoa itsasbazterrera iritsi baino lehen han izango ziren zain, kasualitatez, kostazainekin batera. Eta hiritar onek, marrazoaren irudiei irain egingo liekete arratseko poteoan, tabernako telebista pantailaren aurrean.

375 marrazo espezie baino gehiago daude. Horietatik soilik 30 espeziek egin diete eraso noizbait gizakiei. Mundu osoa kontuan hartuta, marrazo baten erasoa jasatea oso zaila bada, gurean ezinezkoa da, eta, hala ere, inguruan ditugun marrazo gutxiak demonio bilakatzen jarraitzen dugu.

Azkenean, ez zen marrazo arriskutsu bat, bere espeziekoa izateko normala baino pixka bat itsusiagoa zen marrazo malurus bat baizik. Alderantziz, marrazoek gizaki bat aurkitu eta Olentzero topatuko balute bezala da, fama txarreko gizona, itsusia, baina kalterik egiten ez duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo