GARA > Idatzia > Euskal Herria

Samaniego atxilotu arren, «errepresioak porrot» egin du ezker abertzalearentzat

GARA |

«Samaniego atxilotu dute, baina herri hau martxan dago eta eskubide zibil eta politikoen aldeko olatua etengabe handitzen ari da». Horiexek izan ziren ezker abertzalearen hitzak, Ertzaintzak Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarra atxilotu eta biharamunean.

Auzitegi Goren espainolak gazte mugimenduan egindako lanagatik zortzi urteko espetxe zigorra berretsi ziola salatzeko itxialdi jendetsua burutu eta ezkutatzea erabaki zuen ondoren Samaniegok. Epaia ezagutu zenetik, ordea, ekimen ugari egin dira Gasteizen Samaniegoren alde. Ekaitz Etxean! dinamika arrakastatsua ere jarri zen abian Samaniegoren atxilotze agindua ezagutu ostean. Hori ikusita, ezker abertzaleak herritarren jokabidea txalotu nahi izan du: «Ekaitz Etxean! dinamikak irabazi, eta Estatu espainolaren errepresio estrategiak galdu egin du», dio komunikabideei igorrirako oharrean.

Samaniegoren aldeko dinamikak, ezker abertzalearen iritziko, Estatu espainolaren errepresio estrategia baldintzatuko duen harresi herritarra eraikitzea bideragarria dela frogatu du. «Sortutako dinamika herritarrak indarrean dauden baldintza sozial eta politikoak bereganatzeko gaitasuna erakutsi du eta agertutako mobilizazio eta batasun ahalmena ere sekulakoa izan da», goraipatzen da oharrean.

Samaniego atxilotu arren, aurrerantzean ere antolatzen jarraitzeko deia egin dio ezker abertzaleak euskal jendarteari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo