Europako kultur hiriburutza indarrez abiatu du Mariborrek
Programa kultural itzela aurkeztuz eta bide batez helmuga turistiko bezala nabarmentzeko asmoz ireki du Esloveniako Maribor hiriak bere Europako kultur hiriburutza. Horretarako, ospakizun galanta antolatu zuen atzo Guimaraesekin batera 2012an Europako kultur hiria denak.
GARA | DONOSTIA
Eslovenian inoiz antolatutako programa kultural handiena abian da atzodanik. Izan ere, 400 ekimen baino gehiagoko programa oparoa antolatu du Mariborrek aurtengo Europako kultur hiriburua dela baliatuta.
Hasiera ekitaldia atzo ospatu zuten Maribor erdiguneko plaza batean ehunka pertsona bilduz. Bertan, poesia, musika, ikus-entzunezkoak eta argia izan ziren benetako protagonistak; hala, Dan D taldeak kontzertua eskaini zuen eta desagertutako Erdi Aroko harresiak holograma baten bidez «berreraiki» zituzten.
Arkitekturaren Etxea izeneko gunea ere ireki zuten atzokoan Mariborren, arkitektura garaikideari buruzko ikasleen proiektuak bultzatzeko xedearekin. Horrez gain, Eskulturaren Parkean Dragica Cadez artistaren hainbat obra kokatu zituzten.
Horiek izan ziren, besteak beste, 366 egun iraungo dituen «kultur festari» hasiera emateko egin ziren ekitaldietako batzuk. Hemendik aurrera, arduradunek esan zutenez, ia egunero izango dute gertakariren bat. «Programa izugarri zabala prestatu dugu diru gutxirekin. Gogotsu aritu gara lanean», adierazi zion Efe berri agentziari antolakuntza lanetan parte hartu duen ikasle batek. Izan ere, krisi ekonomikoa dela-eta, aurrekontua 16,5 milioi eurotan murriztu behar izan dute.
Maribor 120.000 biztanleko hiria da, Esloveniako bigarren handiena. Austrohungariar estiloko alde zahar ederra du eta Drava ibaia zeharkatzen duten sei zubiek izaera berezia ematen diote hiriari. Austria eta Kroaziatik gertu dago, Pohorje mendiaren magalean; nazioarteko eski lehiaketak antolatzen dira bertan.
Komunismo garaian hiri industriala izan bazen ere, gerora Mariborreko fabrika gehienak itxi egin dituzte, eta, hala, gaur egun Esloveniako hiri txiroenetako bat da. Hala ere, Mariborren hainbat musika eta antzerki jaialdi ospatzen dituzte urtean zehar.
Ekitaldiak, bost hiritan
Mariborrek kultur hiriburutza Portugalgo Guimaraes hiriarekin partekatzen du aurten, baina Eslovenian bertan beste bost hirik ere hartuko dute parte urte osoan zehar antolatutako kultur programan. Hain zuzen ere, Murska Sobota, Novo Mesto, Ptuj, Velenje eta Slovenj Gradec dira hiri horiek. Bakoitzak bere lekuko tradizioak eraman ditu programara; adibidez, Putjek bertako inauteri etnologikoa, Slovenj Gradecek antzinako artisautza feriak, eta, Novo Mestok, musika jaialdiak.
Guztira 22 herrialdek izango dituzte aurten kultur enbaxadak Mariborren Europako kultur hiriburutza dela-eta. Esloveniako artistekin batera, hainbat ekimen antolatuko dituzte herrialde horiek; hala nola, antzerki eta zirku emanaldiak, arte erakusketak edo folklore ikuskizunak.