josebe egia
Neurri bera ezaren legerik barik
Estrategia zaharra da zerbait aldatzea ez dadin ezer alda. Elizak, ordea, zerbait hori ere onartzen ez duen estrategiari jarraitzen dio, ezer ez dadin alda, honek baitirudi bere xede gorena, ukiezina. Bilakaera, garaietara egokitzea, jendartearen izaera aldakorra, errealitatea... horiek ez dira Elizaren baitako kezkak, eta hala, Jaungoiko gorenaren zuzeneko mandataria delakoan, egoskortasunari eta larderiari eusten jarraitzen du. Tarteka, horren adibideak iristen zaizkigu, berri eran: erlijio irakasle bat dibortziatu batekin ezkondu zelako kaleratua, zuzentasunaren eredu izateari utzi ziola argudiatuta; artzain ebanjeliko batek familia aniztasunaren alde idatzitako liburu bat zentsuratuta; haurrenganako sexu-jazarpen etengabeak han-hemenka... Zur eta lur uzten naute, nire buruari nola litekeen galdetzera naramate, egungo jendartean, estatu laiko baten baitan, eta areago, letxe txarrean jartzen naute, moral bikoitza eta hipokresia osasuntsu dabiltzala egiaztatzearen ondorioz.
Elizak gauzak bere horretan jarraitzea nahi du: familia tradizionala (ama, aita eta horien arteko seme-alabak, zenbat eta gehiago hobeto); emakumea familia horren etxeko ardatz nagusi, familiako gainerako kideei eskainita bere bizitza eta izerdia, esparru pribatuan garatuta eduki beharreko oso izaera mugatua; gizona bizitza publikoko gerlari, familiaren arduradun, kanpoan etengabe tentatzen dituen bizioetatik urrun, eta eroriz gero ere, barkamena jaso eta buelta familia santuaren epeltasunera... ez baita erraza gerlariaren bizitza. Horretatik aldentzen den oro, bekatari, lotsagarri, zigorgarri.
Ba ote dago munduan bere fantasia propioan bizi den halako beste erakunderik? Aldi berean, hain boteretsu eta ukiezina denik? Mundu mailan aitorturiko eskubide ugariren kontra publikoki eginda, hainbeste gauzaren apologia eginda, hain airoso ateratzen denik? Egun, honek horrela izaten jarraitzeak, txunditu ez ezik, iraindu ere egiten du, ez baita euria jausten entzutea lez, Elizaren ordezkarien hitzak entzun eta aintzat hartzen dira, eta ondorioak izaten dituzte. Etengabe aritzen da homosexualen eta hauen eskubideen kontra, gizateriaren etorkizunerako mehatxua direla esanez -homofobia adibide garbiagorik?-; emakumearen askatasuna mespretxatzen du, edozein aurrerapauso gertatzen denean, gure sexualitatearekin eta gorputzaren gaineko kontrolarekin obsesionatuta; hiesaren aurreko jarrera arduragabe eta kriminalari eusten dio... Bestetik, Elizaren beraren baitan gertaturiko delituak estali eta, batzuetan, justifikatu ere egiten ditu...
Nola liteke ildo ofizialtzat hori guztia duen erakunde batek jendartearen ordezkarien arreta eta laguntza, ekonomikoa zein bestelakoa, izatea? Nola liteke baztertuenen ahotsari gailentzea? Gobernuek, batzuetan, aretotik kanpo uzten dute etika mahai baten inguruan eztabaidatzera esertzen direnean, baina hainbeste jenderen kontra hain nabarmen egiten duenari halako errespetua erakusteak delitua izan beharko luke, neurri bera ezaren legerik barik.