GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko lehiaketa

Erasunek eta Lopezek oso erraz egin dute aurrera

Minutu bat eta bi segundoko aldea kendu zieten Etxeberriari eta Larretxeari.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA

Juanjo Lopezek eta Ander Erasunek irabazi zuten atzo Almandozen jokatu zen Urrezko Aizkorako kanporaketa, Felix Etxeberria eta Oihan Larretxea mendean hartuta. Donato zen bere semearekin batera aritzekoa, baina min hartu zuen, eta ezin izan zuen atzokoan parte hartu. Hori bai, hurrengo kanporaketan parte hartzeko moduan egotea espero du.

Sei lan ezberdin egin behar izan zituzten. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta bakoitzak 34na kolpetan erdibitu zuten. Bigarren lanean, kana-erdiko bat zutik jarrita moztu behar izan zuten. Lopezek eta Erasunek minutu bat eta 34 segundo behar izan zituzten, eta bat gehiago beren aurkariek.

Hirugarren lanean bina 45 ontzako bota behar izan zituzten, eta irabazleak hor hasi ziren aldeak ateratzen. Minutu eta 50 segundotan burutu zuten lana, eta bost segundoko aldea lortu zuten. Laugarren lanean, bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten, eta Lopezek eta Erasunek 3 minutu eta 47 segundotan amaitu zuten beren lana, bederatzi segundoko tartea zabalduz. Kanporaketa amaitzeko sei kana-erdiko erdibitu behar izan zituzten txanda librean. Erasunek eta Lopezek 10 minutu eta 5 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko, eta 10 minutu eta 44 segundo, berriz, Etxeberriak eta Ohian Larretxeak. Lan guztiak egiten, 19 minutu eta 17 segundo pasa zituzten Juanjo Lopezek eta Erasunek, eta minutu bat eta bi segundo gehiago behar izan zituzten Etxeberriak Oihan Larretxeak.

Atzokoaren ostean, Lopezek eta Erasunek multzoko lehen postua izango dute jokoan Arrospideren eta Mugertza II.aren aurka. Irabazleek finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuko dute, eta galtzen dutenak final laurdenak jokatuko dituzte. Donato eta Oihan Larretxea -ordurako Donato osatzen bada, bestela Etxeberria arituko baita-, Azurmendiren eta Atutxaren aurka arituko dira final laurdenetako kanporaketan.

Gazteen mailako lehen saioa ere jokatu zen, aldaketa batekin gainera. Izan ere, Kortxero zen aritzekoa Larrea III.arekin, baina orain Floresekin arituko da, eta atzo Saralegi aritu zen bizkaitarrarekin. Hala ere, irabazi egin zuten Otañoren eta Etxeberria II.aren aurkako neurketan. 10.21 izan zen irabazleen denbora, eta 11.15, berriz, galtzaileena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo