Pilota | Berezkoak
Bi faboritoek ez dute lehen saioan hutsik egin
J.L.
Etxeberri eta Jeannots ziren Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako lehen bi kanporaketak irabazteko faboritoak, eta ez zuten hutsik egin, biak izango baitira hurrengo kanporaketan, nahiz eta horretarako lan asko egin behar izan zuten.
Etxeberrik 40 eta 36 menderatu zuen Ducassou 77 minutu iraun zituen partidan. Emaitza estua izan zen, baina neurketa bera ez zen batere ona izan, bi pilotariek ez baitzuten asmatu. Lehen partida zen, eta horiek beti izaten dira arriskutsuak; biek jokatu zuten beldur handiarekin, eta horrek ez zien utzi beren maila ematen. Haatik, galdutako pilota asko ere ez ziren izan bien artean.
Etxeberri hasieratik jarri zen aurretik, eta tartea ere atera zuen 10-4 aurreratuz, baina aurkariak ez zuen etsi eta lanean jarraitu zuen; hala, behin baino gehiagotan harrapatu eta pasatu ere egin zuen. Horrelakoetan, ordea, freskoen dagoenak irabazten du partida, eta horrelaxe izan zen.
Kanporaketako azken txanpara hobeto heldu zen Etxeberri, eta ez zuen barkatu, garrantzi handiko garaipena erdietsiz. Saketik zortzi tanto egin zituen Etxeberrik, eta bost Ducassouk. Jokoan, berriz, irabazleak 24 tanto egin zituen, eta bat gehiago galtzaileak. Galdu, berriz, bederatzi eta bost egin zituzten. Markagailua honela joan zen: 3-0, 3-3, 4-4, 10-4, 12-11, 18-11, 19-19, 20-20, 23-23, 26-26, 26-31, 32-32, 36-33, 40-36. Hurrengo kanporaketa Laurent Lanberten aurka jokatuko du Etxeberrik, urtarrilaren 28an Senpereko trinketean.
Bigarren neurketan Jeananotsek eraman zuen kanporaketa, 40 eta 37 Agirre mendean hartuta. Lehen partidan bezalaxe, hemen ere urduritasunak sekulako garrantzia izan zuen, eta Jeannotsek irabazi bazuen ere, galtzetik oso gertu egon zen.
Partidak 69 minutu iraun zituen, eta oreka izan zen nagusi. Oso pilota gutxi galdu bazituzten ere, gozatzea ikaragarri kostatu zitzaien. Azken txanpan, 31-31 berdindu ostean, apurtu zen partida, irabazleak 8-1eko partziala sartu zuenean. Bazirudien dena egina zegoela, baina Agirrek sakea berreskuratu zuenean kintzeak batzen hasi zen, eta bi tantora ere hurbildu zen, 39-37; berak irabaziko zuela ere pentsatu zuen batek baino gehiagok, baina Jeannotsek ez zuen barkatu eta geratzen zitzaion kintzea eginda garaipena lortu zuen.
Saketik hamalau tanto egin zituen Jeannotsek eta sei Agirrek. Jokoan, hurrenez hurren, 24 eta 25 egin zituzten, eta galdu, berriz, sei eta bi. Markagailua honela joan zen: 1-0, 1-1, 2-2, 4-4, 5-13, 13-14, 16-16, 17-17, 18-18, 22-22, 26-26. 27-27, 28-28, 29-29, 31-31- 39-32, 39-37 eta 40-37. Hurrengo kanporaketan Ozafrainen aurka jokatuko du Jeannotsek.