Andres URRUTIA | Euskaltzainburua
Txillardegi, euskal «intelligentsia»-ren haritik
Unibertsitatean harrapatu nau Txillardegiren heriotzaren albisteak, hain zuzen ere, euskarazko ekitaldi batean. Hona nire lehen burutazioa, Txillardegiren gomutan: euskara eta unibertsitatea. Berak, beste batzuekin batera, errealitate horren egilea izan zen.
Gero, jakina, bestelako kontuak etorri zaizkit burura, hala nola, behinolako hitzorduak, Ned Thomas galestar soziolinguistarekin, Ondarroan emandako hitzaldi hura edota hamaika ekimen eta lan, euskararen sustatze eta babesletza zereginetan gauzatuak.
Belaunaldiei dagokienez, Txillardegik ekarri zigun guri, joan den mendeko 50-60 hamarkadetan jaiotakoei, halako haize berria, desberdina, nobela zein saiakera arloetan eta, oro har, gizartearen eta kulturgintzaren esparru anitzetan. Osterantzeko tenore horrek zekarren, ekarri ere, euskararentzat etorkizuna eta biziraupena.
Ingurukoa aintzat hartuta, Txillardegi, beste askoren antzera, oro egilea izan da euskalgintzan, teorikoa nahiz eragilea. Letraz letra irentsi genituen gutariko askok, gose eta ezin ase ari ginenok euskararen munduan, haren lanak eta tituluak, euskara batuaren eraikitze prozesuan.
Euskara batua, euskararen eraberritzea, euskararen normalizazioa... orduko kezkak eta ardurak ziren, egun ere euskaldunoi ezinegona ekartzen digutenak. Txillardegi, bistan da, horiek askatu, erraztu eta aurreratzen ahalegindu da.
Kontuak kontu, Txillardegi gerra osteko euskal intelligentsia-ren berregite prozesuan zeregin esanguratsuak bete ditu. Era berean, esker abertzalearen ildoan, ezbairik gabe, hots handiko lana egin du, ekintzaz nahiz lekukotzaz. Nobela egilea, saio egilea, soziolinguistikaren inguruko aditua, kazetaria eta maisua, irakaslea, aukera guztiak baliatu zituena edonon eta edonoiz, euskararen aldeko ideiak barreiatzeko eta gizarteratzeko.
Luze eta sakon jardun du Txillardegik euskalgintzan eta horren barruan, Euskaltzaindian ere. Haren emaitzak eredugarriak eta aintzat hartzekoak dira eta haren merituak zalantzarik gabekoak. Aspaldiko euskaltzain urgazlea izanik, harriduraz ikusi genuen askok haren hautagaitzak ez zuela aurrerapiderik izan euskaltzain oso izateko. Urte batzuk geroago, euskaltzain ohorezko izendatu genuen eta berak izendazio hori baino, nahiago izan zuen eta biziki eskertu ere, Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak batera argitaratu eta Henrike Knörr zenaren eta Pilartxo Etxebarriaren zuzendaritzapean jaso zuen omenaldi liburua, «Nerekin yaio nun», 2005. urtean. Falta zena Euskaltzaindiaren literatura batzordeak ondu zuen 2007. urtean, haren lehen nobela, «Leturiaren egunkari ezkutua», aztergai hartu jardunaldi batean eta emaitzak kaleratu zituenean urte bereko «Euskera» agerkarian.
Joan zaigu Txillardegi. Etxekoei, bihotz-bihotzez, doluminak. Euskalgintzari, aldiz, itxaropena, garai latz hauetan, apartera joan gabe, gurean baititugu aurrera egiteko gidariak. Besteak beste, Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi.