Garoņaren luzamendua Kongresuak soilik eten dezakeela dio De Andresek
Javier De Andresek adierazitakoaren arabera, Gobernu espainolak Garoñaren ustiapen baimena luzatzeko egindako proposamena Kongresuak soilik oztopa dezake. Bere esanetan, Madrilgo ganbera da Rajoyren erabakia bertan behera uzteko eskumena duen bakarra.
Ion SALGADO | GASTEIZ
Garoñako zentral nuklearraren jarduera luzatzeko erabakia atzera botatzeko eskumena duen bakarra Madrilgo Kongresua dela baieztatu zuen atzo Arabako ahaldun nagusi Javier De Andresek (PP). Zentral nuklearraren luzamenduari buruzko eztabaida Arabako Biltzar Nagusietatik urrundu nahi izan zuen era horretan. «Biltzar Nagusietan ordezkatuta dauden alderdiek diputatuak dituzte Espainiako Kongresuan», zehaztu zuen.
Diputatuen Kontseiluaren ostean eskaini prentsaurrekoan gogorarazi zuen Arabako ahaldun nagusiak Espainiako Estatuaren ganbera legegilea dela Burgosko zentralaren behin betiko itxialdian «aktore nagusia».
Bestalde, Garoñako zentral nuklearra ixteko eskatu zion atzo berriro Eguzkik Madrilgo Gobernuari. Aldarrikapen horrekin erantzun zien talde ekologistak Industria ministro espainol Jose Manuel Soriak joan den astelehenean egindako adierazpenei.
TVEri eskainitako elkarrizketa batean, Soria zentral nuklearra ustiatzeko baimena (2013. urtera artekoa) 2019ra arte luzatzearen alde azaldu zen. «Gaur egun horrelako energia merkeak -nuklearrak- alde batera uzteak ez du zentzurik», azpimarratu zuen.
Hitz horiei erantzunez, talde ekologistako arduradunek ministro espainolak Garoñari buruz egindako adierazpenak «kontraesankorrak» direla adierazi zuten prentsa ohar batean. «Kontraesankorra da zentral nuklear gehiago ez dela egingo iragartzea eta, aldi berean, Garoñako zentral nuklearra, espainiar Estatuan dagoen instalazio zahar eta arriskutsuena, ustiatzeko baimena sei urtean luzatzea», kritikatu zuten ekologistek.
Gobernu espainolak Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren jarduera baimena luzatzea onartu baino lehen, CSNko teknikariek instalazioaren segurtasuna aztertu beharko dute txosten berri batean.