Jose Inazio Lopez de Luzuriaga Musikaria
Txilardegi: Euskal Herria helburu
Jose Luis Alvarez Enparantza euskararen bidezidorretatik iritsi zen abertzaletasunera, berak aitortuta. Eta euskara izan zuen bere bizitza osoaren ardatza, senideen artean, lagunen artean bai eta politika alorrean ere, euskara duen Herrian.
Hizkuntza herri baten arima da eta hizkuntza bakoitzak berezko kultura edo erreferentziak ditu. Horregatik, herri baten hizkuntza eta kulturaren azterketan, mugimendu politikoen egoeraren azterketan eta elkartasun-sentimenduak gorpuzteko unean, Txilardegik hizkuntza eta kultura jotzen zituen erreferentzia nagusitzat. Ideia horiek gidatzen zuten bere elkartasun-joera orokorra, neurri batean ideologien gainetik, esango nuke. Horregatik agertu zuen beti bere elkartasun sentituena hizkuntza aldetik eta kultura aldetik zapalduak ziren nazio, herri edo kulturekiko. Bere sentiberatasun eta aldekotasun sentituena agertu zuen independentzia eskuratu ondoren lurralde baltikoek beren hizkuntzak eta kulturak berreskuratzeko hartutako neurriekiko, nahiz eta, herri horien norabide politikoa zela medio, hemengo abertzale ugariren artean neurri horiek demasekoak izan. Ildo beretik, bere elkartasuna agertzen zuen beti bere hizkuntza eta kultura berreskuratzen saiatzen ziren mugimenduekiko, Txilekoa izan edo Flandriakoa izan, aborigenak izan ala Europako nazio modernoa izan. Aldiz, kezka handiz begiratzen zituen berezko hizkuntzari eta hizkuntza horri lotutako kulturari muzin egiten zioten askapen mugimenduak. Irlandako egoera, adibidez, kezkaz ikusten zuen; are gehiago, kezka-iturri zen berarentzat Euskal Herrian bolada batean gertatzen ari zen Irlandarekiko mimetismoa, nolabait oraindik bizirik dagoena. Berak ez zuen uste, «errealismo politikoa» kontuan hartuta, hizkuntzaren berreskuratze-prozesuan etenik edo atzerapenik egon behar zenik. Irlandako prozesuak argi utzi du hizkuntza eta kultura berpizteko asmoa independentziaren egunerako uztea oker historikoa dela. Gauzak horrela, kezkaz ikusten zituen «Euskal Herriaren etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala...» edo antzeko moldeko esaldiak. Berarentzat «hizkuntza» eta «kultura» hitzak falta ziren halako proposamenetan. Bere helburua ez zen erdal herria, bere helburua Euskal Herria zen, «Euskal Herria helburu» liburuan ongi idatzita utzi zuen bezala.
Jose Luis Alvarez Enparantza, Txilardegi. Agur eta ohore.