GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Julia Pagegi Markinako laguna

Agur eta ohore, Blanki

Euskaldunok ama lurra maite dugu. Antzinatik euskal kulturan ama-lurrak bi alaba dituela, eguzkia eta ilargia, sinestu izan dugu. Gure ama-lurra emankorra den bezala, emankorrak dira Euskal Herriko gure amatxoak.

Zazpi seme-alaba izan dituzu zuk, Blanki; zaindu, babestu eta maite dituzunak gero denborarekin Iñakienea deitutako zuen etxean. Egun hauetan bereziki, hainbat bihotz, Euskal Herriko beste seme-alaben, lagunen eta amatxoen bihotzen taupadak zurekin bat egiten ari dira.

Blanki! Ez ditugu zure adore, indarra eta zintzotasuna galdu nahi, ezin zaitugu galdu, baina poliki-poliki joan zara eta nik zure hitzaren premia sentitzen dut zure ahotsean!

Esaten eta egiten zenuen guztian erakutsi zenizkigun jakintza eta duintasuna. Bai pertsona moduan, baita herritar bezala ere askatasunaz bizitzea lortzea zein gogorra baina, era berean, zein duina den zurekin ikasi baitugu.

Nahiz eta orain hustuta eta beteta utzi gaituzun, badakit bueltatu zarela ama-lurrera eta Iñaki duzula zure magalean.

Besarkada bana! Beti elkarrekin jarraituko dugu, aitaren etxea defendatuz, ama natura eta Euskal Herria maitatuz. Ez dut inolako zalantzarik bidean, lainoen artetik, mendietan, ibai ertzetan... zu, Blanki Antepara, izango zaitugu gu babesteko. Maite zaitut!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo