Aulki huts mordo bat, beste laurogei urtean edukiz eta zalez betetzeko
Bere 25. urteurrena ospatzeko Bertsozale Elkarteak argitaratu dituen liburuan eta dokumentalean ia bertsolariak bezain ezagunak diren egurrezko aulkiak ageri dira, hutsik, Iñaki Murua lehendakariak erran bezala, plazak edukiz betetzeko premia izango delako gero ere, eta zalez ere bai, gutxienez, «beste larogei urtian». Izenburu hau daraman lanean, Alberto Barandiaran kazetariak elkartearen esperientzia jaso du, egindakoaren testigantza uzteko.
Maider IANTZI | VILLABONA
Aurrekarietatik etorkizuneko erronketaraino, 25 urte bete dituen Bertsozale Elkartearen une, gune, gertakizun, eztabaida, erabaki eta bitxikeriak daude bilduta «Beste larogei urtian» liburuan eta DVDan. Maialen Lujanbiok adierazi bezala, erroak sendo eta burua zabal, elkarteak ez du konplexurik izan aldi berean tradizional eta garaikide izateko. Eta autokonfiantzazko eta autoantolaketako ariketa bat eginez, bertsolaritza tradizio moderno bihurtzeko egin du ahalegina.
500 bazkidetatik 2.300era, soldatapeko langile bakar batetik 69 langiletara, ikaslerik ez izatetik 20.000tik gora izatera. Handia izan da garapena, eta horiei borondatez aritu diren eta ari diren langileak gehitu behar zaizkie, eta bidelagunak, eta milaka bertsozaleak, eta... Horregatik, Alberto Barandiarani liburua egitea eskaini ziotenean kezka bat etorri zitzaion lehendabizi: «Nola bildu itxuraz behintzat hain mamitsua, bizia, ausarta den elkarte honen material guztia?». Eta, espero bezala, horixe izan du lanik zailena, hainbertze elkarrizketa eta barruko lan egin ondotik liburua nola egin irakurgarri eta jakingarri pentsatzea.
Kazetari eta idazle altsasuarrak garbi zuen ahots ugari jaso behar zituela, ahots ugariko elkartea delako bertsozaleena, «biziak eta nortasun handikoak», gainera, gehienak.
Sormena, proiektu baten esku
Barandiaranek aitortu zuenez, ez da liburu erraza izan, elkartea ere ez delako erraza, baina «lan oso interesgarria» izan da eta barrutik bizi dutenek zein kanpotik pixka bat ezagutzen dutenek pista anitz topatuko dituzte bertan, jende anitzen erranak, «ulertzeko bertsolari batzuek zergatik erabakitzen duten beren sormen indibiduala kultur proiektu baten esku uztea. Ez da ohikoa, eta ez da erraza sortzaileentzat beren esparru bat talde baten esku uztea». Kazetariaren iritziz, horretan asmatu egin dute eta «beste larogei urtian hala jarraituko balute, are interesgarriagoa izango litzateke».
Bederatzi ataletan banatuta dago liburua, kronologikoki antolatuta. Lehendabiziko atalean, elkartea sortu aitzinetik bertsolaritzaren inguruan egindako hainbat saiakera ekartzen ditu gogora idazleak: Manuel Lekuonaren eta Aitzolen ekarpen handia, Xabier Amuriza sotana jantzita kantari, Nafarroako eta Iparraldeko elkarte aitzindariak... 1986ko txapelketa antolatzerakoan eskuz esku aritu ziren bertsolari eta bertsozaleak eta lan hori hagitz inportantea izan zen hurrengo urteetarako. 1987an sortu zen elkartea eta zer eztabaida egon ziren agertzen da liburuan, zer teorizazio egin zituzten...
Administrazioaren eta herri mugimenduaren arteko talka etorri zen gero. «`Hitzetik Hortzera'-ren booma zen, bertsolaritza gero eta sendoago zegoen hainbat eremutan, baina, aldi berean, administrazioa eskua sartu nahian ari zen, elkartea diru-laguntzarik gabe zegoen...». Barandiaranek azaldu zuenez, barne gogoeta handiak izan ziren, elkartea tinkotu eta aldi berean kinka larrian jarri zutenak.
Bertso eskolekin, bertze belaunaldi bat osatzen joan zen eta jende gazte honekin batera bertso molde berriak sortu ziren. Hauek bertsolaritza ikertu ez ezik, transmititu eta sustatu ere egin zitekeela ikusi zuten.
Ordura arte intuizioak zirenei izena jarri zieten, kultur arteko topaketak egin zituzten, lurraldez lurraldeko antolaketa sendotu eta egituratu, Belodromotik BECera salto egin... Aldiz aldi, gertaeraz gertaera harilkatzen ditu kazetariak elkartearen 25 urteak, eta etorkizunera begira gogoeta eginez bukatzen du.
Sei elkarrizketa oso daude txertatuta lanean: Maialen Lujanbio, Jon Sarasua, Iñaki Murua, Ainhoa Agirreazaldegi, Arantza Mariskal eta Aritz Zerainekin izandako solasaldi sakonak.
Liburua eta DVDa: «Beste larogei urtian». DVDak ordubete irauten du eta liburuaren atzealdean dator.
Prezioa: 30 euro, 21 bazkideentzat.
Nola erosi: Lankura deituz (0033 943 26 07 55), www.lanku.com webgunean, herrialdeetako elkarteetan, Bertso Eguneko ekitaldian.
Aulkia bertsolariaren taula gaineko itxaronaldi urduriaren irudia da, baina baita bertsozaleak iristen zaizkion doinu eta hitzak jasotzeko egiten duen lanarena ere. Izan ere, estu-estu lotuta daude bertsolaria eta bertsozalea, Bertsozale Elkartearen Villabonako etxean atzo egindako ekitaldian nabarmen gelditu zen hori. Bertsolari eta bertsozale zahar eta gazteek bete zituzten aretoko aulkiak, eta hasiera-hasieratik euren artean egon den sintoniaz mintzatu ziren aurkezpenaren ondotik sortu zen solasaldian. «Herriak beti jarraitu dio bertsolaritzari; aulki beteetan dago motorra martxan jartzeko indarra, horrekin kontatzen du bertsolariak bere lana egingo badu. Eta ez zegoen zalantzarik, elkarteak bertsolariak baino jende gehiago behar zuen aurrera egingo bazuen», agertu zuen, adibidez, Imanol Lazkanok.
Muruak ideia horri eutsi zion eta bertsozalea oinarri dutela adierazi zuen: «Berak ematen digu indarra `beste larogei urtian' esaten dugunean». Transmisio lana egunero egin behar dela gaineratu zuen, jende guztiarekin, orduan sentitzen delako parte-hartzeak ematen duen aberastasuna. M. I.