GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Zer esana, eta zer pentsatua

Zer egin hegazti izango bagina? Hegan. Eta zer bi hankako gizaseme izanda? Hegaldi birtuala. Ez da pentsamendu suizida, ez filosofatzen jarduteko apeta ere. Bizipoza elikatzeko era bat baino ez. Ametsek mugiarazten gaituzte, gogoak bultzatuta ibiltzen gara, maitasunak garraiatzen gaitu, erakargarritasuna atsegin dugu, are gehiago besteak erakartzea. Alizienteak behar ditugu, eta horiek nonahi bilatzen.

Itsaso zabal batean bizi gara. Barealdi eta itsaskirrietan biziraundako ur tanta zolia baino ez da norbanakoa itsasoratu gintuztenetik, auskalo nondik.

Lapurtutako haurren afera puri-purian dagoen honetan, egoera horretan egon daitezkeen familien larruetara egin dut azken hegaldi birtuala; hegaldi birtual bikoitza, bata amarenera, eta seme-alabenera bestea, baina ez aliziente bila, nahiz eta «irrika» piztu duen gaia izan.

Hausnarketa berbera gutako askoren artean zabaldu dela esango nuke, nahiz eta ziur izan etxean hezi gaituzten gurasoak biologikoak direla. Gogoeta bakoitza norberak beretzat gorde dezala, eremu pertsonalean emandako iritziak mingarriak izan baitaitezke.

Are mingarriagoak izan daitezke, ordea, komunikabide zenbaitetan gaia lantzeko erabilitako manerak. Eta horiek ez dira pertsonalak, publiko eginak baizik. Orrialde askotan agertzen direnak albisteak baino, epaitegietako dosier osatuak direla esango nuke. Informatzea beharrezkoa da; argi dago kasu honek argitara atera behar duela, Euskal Herriaren Historiako kapitulu beltz berri bat zabaltzen ari garelako, ziur asko. Baina non dago informazio profesionalaren eta morboaren arteko muga? Betiko eztabaida da.

Azken batean, gure inguruan halako kasurik ba ote dagoen pentsatzen jarri gaituzte, herrikide, bizilagun edo familiari begira. Itsasondoko hilobia lurpetik nola ateratzen zuten ere erakutsi digute bideo bidez. Familiaren baimenarekin ziur asko. Baina ez al goaz intimitatearen mugetatik harago? Agian oker nabil, baliteke, eta eztabaida hau antzua litzateke orduan. Baina zer pentsatua ematen du eta ezin hegan alde egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo