GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Izotza eta sekretak

Askapen borroka oro negua da berez. Izotzaren jakintza ondoan behar dugu, begi berriekin batera. Enpresari onenek dioten modura. Eta gurea enpresa handi bat da, Karibeko pirata zaharrek erabiltzen zuten berbaren zentzu berean

Guztia dago etengabeko aldaketan. Baina gure buruak, kontrol sentsazio sedantea eraiki dezan, garrantzirik gabeko tontakeria bihurtzen ditu gehienak. Harriz eraiki genituen gure etxeak denborari aurpegira begiratzeko. Eta denborak txisteak kontatzen ditu zibilizazio desagertuen urrezko hirietan. Une oro aldatzen ez den gauza bakarra gure ingurua ikusteko modua da. Menditik egunero harri bat jausten ikustera ohitzen denak eskuak burura daramatza mendi osoa behera datorrenean. Ez gara konturatzen detaile txikiak direla tendentzia, etorkizuna, zehazten dutenak. Ordu laurdenean eroritako hiru euri tanta uholdeak dira ordu bi beranduago.

Eta izugarri harritzen gara lehenago zegoenetik ezer ere geratzen ez denean. Antzeko zerbait gertatu zen ezker abertzaleak norabide berria eszenifikatu zuen sasoian. Aldaketa txikiekiko arduragabeenek «inkoherentzia!» aldarrikatu zuten; «zergatik orain?, galdetu zuten aldaketa kolektiboak astiro doazela ulertu ez zutenek, eta «zer lortu dute?», itaundu zuten guztia zenbakitan neurtzen dutenek.

Bezperan Leteren arnas zuridun izotza ikusten zuten guztiek. Egunsentian, gauetik goizera, arrainez eta bizitzaz beteriko lakua leku berean. Izotza behetik gora urtzen da, eta etengabeko aldaketa ikusezina da azken unera arte. Barruan, ekosistema ugari dago ezkutuan. Lakua ipar haizetik babesteko ez ezik, arrainak itotzeko ere badago izotza. Biologoek diotenaren arabera, informazio gehien gordetzen duen uraren forma. Beraz, itsasora heldu gura duen erreka bihurtzeko azken urteetako izotzean ezinbesteko jakintza daukagu. Baina kopuru handitan, ur korrontea trabatzen du.

Gure laku ertzera natura eta hiriaren nahasketa parriladuna erlijio bihurtu zuten «txomingero» itxurako batzuk heldu dira. Lehen arrankariak uretatik burua atera bezain arin irten dira basotik. Euskal Askapen Mugimendu Nazionaleko sekretak dira. Inork ez ditu egundo ikusi, inork ez daki non egon diren atzeneko urteetan, batzuek diote behin barikuko enkarteladakoei kotxeko bozina anagrama erritmoz jo zietela, besteek, eurak ere presoekin daudela... Kontua da eguzkia atera bezain laster tinbrea jotzen dutela. Jesukristok haurrekin zuen jarrera bera komeni da, apika: hurbil daitezela. Begi berriek bidezidor berriak ikusten dituzte. Gauzak egiteko molde berriak, hain beharrezkoa den originaltasun erakargarria. Baina izotzarekin bezala, kopuru neurtuan behar dute.

Mundu honetako gauza guztien antzera, gure lakuan ere gehiena ura da. Neguan kanpotik soilik izotza ikusi arren. Eta uda eguzkitsuetan pedaloz betetzen bagara ere. Orain urte gutxi Urkulluk saihetsezinezko presentzia soziala deitzen zuen izotz eta pedalo azpiko ur masa hori gara gu. Azaleratzen garenean landaredia ongarritzen dugu, koloreak sortzen dira eta rastak dauzka txiringitoko morroiak. Ostera, askapen borroka oro negua da berez. Izotzaren jakintza ondoan behar dugu, begi berriekin batera. Enpresari onenek dioten modura. Eta gurea enpresa handi bat da, Karibeko pirata zaharrek erabiltzen zuten berbaren zentzu berean. Arrakasta jende egokia leku egokian jartzean datza.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo