GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

ETB Nafarroan: aitzakia ekonomikoak ez du balio

Iragan astean EAk agerian utzi zuen Lakuako eta Iruñeko gobernuek Nafarroan ETB ikustea saihesteko erabili izan duten engainua, kausa ekonomikoen aitzakia dela medio. «Gezurrak buztana labur», dio esaera zaharrak. Nafarroako Gobernuaren erantzuna, hala ere, Iruñerrian ETB ez ikusteko neurriak abiatzea izan zen. Gezur horrek beste gezur bat ezkutatu nahi zuen, euskararen aurkako eraso instituzionalik ez dagoela dioena, alegia. Izan ere, ez dago ETBk Nafarroan igortzeko eragozpen ekonomikorik; aitzitik, Nafarroan ez igortzeak milioi bat euroko galera dakarkio telebista horri. Egunkari honek ikusle eta publizitate datuetan oinarrituta egin duen azterketak ondorio argia eskaini du: Nafarroako ikusle kopuruaren araberako publizitate kuotak bi milioi eta erdi eurotik gorako etekina emango luke. Hartara, urtebetean Nafarroako errepikagailu sare osoaren kostu ofiziala ordaintzeaz gain, milioi bateko etekina izango luke ETBk. Telebista hori Nafarroan ikustearen errentagarritasun ezaren aitzakiak, beraz, ez die balio ez Gasteizko Gobernuari ez Iruñekoari. Bestalde, atentzioa ematen du Patxi Lopezek eta Miguel Sanzek ETB Nafarroan ikusteko sinatu zuten kontratuak ETB1 eta ETB2 kanaletara mugatu izana, LTDn igortzeko azpiegiturak lau kanal ikusteko aukera eskaintzen baitu. Aski da horrenbeste aitzakia maingua baino lehen harrapatuta dagoen gezurra ezkutatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo