San Sebastian egunean ere ozen zabalduko da presoen aldeko aldarria
GARA | DONOSTIA
Presoen eskubideen alde Bilbon egindako mobilizazio historikoaren ostean, Donostian etzi ospatuko duten San Sebastian eguna ere aldarria indartzeko erabili nahi du Egin Dezagun Bidea ekimenak. Atzo jakinarazi zutenez, oihalak eta ikurrak banatuko dituzte bihar bertan, Konstituzio plazara eramateko. «Horiek soinean hartu eta lau haizetara gogor astintzeko eskatzen diegu bertaratuko direnei», esan zuten.
«Herriaren nahia zein den ikusarazi behar dugu», aipatu zuten ekimeneko kideek, Donostian egindako agerraldian. «Preso dituztelako danborradaz gozatu ezingo dutenen oroimena gogora ekarriz gozatu nahi dugu festa», erantsi zuten.
Bilbon 110.000 lagun bildu ondoren, «herritar aktiboen» garrantzia nabarmendu du Egin Dezagun Bideak.